Krisian dagoen ofizioari airea ematen, Azpeitian

Joxean Agirre (Gara, Gaur8 gehigarria) 2008ko urr. 11a, 15:10

Lehen, organo-jotzaile bakoitzak oinordekoari erakusten zion; egun, ordea, eten da soka

Krisialdian dagoen ofizioari airea eman nahirik sortu dute Azpeitian Organo Eskola; sortzailea Jose Luis Franzesena da

(Gaur 8)

Musikenen bizpahiru ikasle ari dira goi mailako organo ikasketak egiten. Donostiako kontserbatorioan beste bospasei. Krisialdian dagoen ofizioari aire pixka bat eman nahirik sortu da Azpeitian, Juan Antxieta Musika Eskolaren itzalean, Euskal Herriko lehen organo eskola. Sortzailea Jose Luis Franzesena, Schubert, da.

Egan taldearen sortzaile izan zen eta Azpeitiko abesbatza eta banda zuzendu ditu urte askotan. Aita trikitilaria zuen, Napar Txikia esaten ziotena. “Ez zen ona izango, baina festa giroa jartzen zuen edonon, ardoaren truke”, esan zigun semeak, Jose Luis Franzesenak, Organo Eskolako ikasle gazteenak jotzen ari ziren bitartean. “Amaren aldetik ere kantuzaleak ziren eta ez da harritzekoa familian gaur bospasei musikari profesional izatea. Kantariak ere badira hiru edo lau”, esan zuen. Ez Dok Amairun ibili zen Jose Luis. Kantuz aldizkaria jarri zuen martxan eta orain hilabete batzuk pasatu zion semeari Azpeitiko bandaren batuta. Lanetik erretiratu den arren, ez dago erretiratzeko. Azkoitiko parrokiako organista izaten jarraitzen du, eta, orain, aspalditik krisian dagoen ofizio bati bultzada emateko asmoarekin jarri du eskola.

Gipuzkoan, hainbestean

“Gipuzkoan hogeita hamarren bat organo-jotzaile egongo dira nire mailakoak edo hobeak, baina ez dira nahikoa, elizak beharbada berrehun izango direlako. Dena den, gure egoera inguruko herrialdetakoa baino hobea da”, esan zuen Franzesenak.

Eskola Esklabetan zabaldu dute, Azpeititik Loiolara bidean eskuinetara dagoen lehen komentuan. Bertan Ainhoa Erkizia eta Ane Bereziartua, 12 urteko bi neskatila, eta Iñigo Larrañaga, 15 urteko mutila ari ziren organoa jotzen. Baina asteko beste egun batzuetan ikasle helduagoak ditu Jose Luis Franzesenak.

“Zortzi ikaslerekin zabaldu da eskola. Hiru gazteez gainera, 36 urteko azpeitiar bat dabil, Itziar Urbieta, Elizondorekin Donostian ibilia. Badago 46 urteko maisu azkoitiar bat ere, Argarate abizenekoa, pianoa jotzen duena eta Bach interpretatzearren, organoa ikasten ari dena. Badago Bidaniko erretiratu bat, herrian beste inor ez dutelako, jaietan jotzeko adina ikastearren datorrena. Eta, azkenik, Elgoibarko gazte bat ere hasi da”, jarraitu zuen maisuak.

Mutila, Iñigo, elizako organoan ari zen jotzen eta bi neskak estudioko organo batean. “Herriko Azpiazu organogileak eman digu estudioko organo hau, etxean edukitzea baino nahiago zuela-eta. Ikasten aritzeko, oso polita da. Elizakoa organo barrokoa da, errepertorio barrokoa jotzeko aproposa. Txandan ibiltzen ditut ikasleak han eta hemen”, esan zuen.

Hiru organo-jotzaileren artean egiten dute Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Bidania eta Goiazko zerbitzua. Loiolan Karmen Agirre dago, 70 urtetik gora dituen moja bat. “Lehen apaizek jotzen zuten, baina horiek desagertu ahala, organoak mututzen ari dira. Badaude gazteak ere. Azpeitian, esaterako, Maria Dolores Oteiza Kaito ari da. Baina gehienok zahartzen hasita gaude eta gazteak prestatu behar ditugu”.

Harmoniuma bizkarrean

Gipuzkoan dauden Cavallé-Coll organoekin harrituta geratzen dira kanpotarrak. “Europako hiri handietan modak aldatu ahala Cavallé-Coll organoak egokituz joan ziren. Hemen, dirurik ez zegoenez, beren horretan utzi genituen eta liluratuta geratzen dira”, esan zuen Franzesenak. Badaude Merklin markakoak dituztenak eta asko dira Azpeitiko Organeria Española fabrikan egindakoak, neoklasikoak. Denak dira ezberdinak. Eliza honetakoa bezalako organo barroko bat errepertorio barrokoa jotzeko da ona, eta Cavallé-Coll bat errepertorio erromantikoa jotzeko. Orkestra bat jotzea bezala da, ez duzu instrumentua egundo menderatzen”, esan zuen. Jose Luisen aitak Azpeitiko organerian egiten zuen lan, eta berak, umea zelarik, Donostiako Artzain Onaren elizako organoaren tutuak egiten ikusi omen zituen.

Organo eta organisteei buruzko mila zertzelada dakizki Franzesenak. Zumaiako Artadin ba omen da harmonium bat, berak ere jo izan duena. Garai batean San Lorentzora edo Ipiñarrietara eraman behar izaten zutenean (han organorik ez zelako), Etxebe izeneko gizon indartsu bati deitzen omen zioten. Hark bizkarrean hartu, ibaira jaitsi eta txalupan eramaten zuten.

Makineria ikusgarriak

Beti esan izan da organoaren makineria ikusgarria dela. “Airea gordetzeko leku bat du, gaitak duen antzera, eta jotzaileak eskatu ahala ateratzen da airea. Orain motor batek hartu du leku hori, baina garai batean eskuz, hauspoari eraginez, egiten zen lana. Guk gaztetan ezagutu genuen jendea hauspoari eragiten, parrokian argia joaten zenean. Lau lagunek eragiten zioten. Organoa suabe samar jotzen zenean eragiten ari baziren, zarata hori entzuten zen gehiago”.

Antxieta Musika Eskolako zuzendariak, Maite Bereziartuak esan zigunez, 21 irakasle ari dira lanean Antxieta Musika Eskolan, lauk pianoa irakasten dute eta gainerakoek beste tresna bana. “Jose Luis Franzesena gurekin harremanetan jarri zen organoa bultzatzeko eskola bat zabaldu zitekeela esanez eta bertako ikasleei aukera eman genien hona etorri eta probatzeko. Aurrera jarraitzeko moduan garela ikusi dugu”, esan zuen Maite Bereziartuak.

Ikuspuntuak

Ane Bereziartua. “Zazpi urterekin hasi nintzen ni ere pianoa jotzen. Orain 12 ditut eta seigarren mailan nago. Musika Eskolan animatu ninduten, hona etortzeko, eta ederra da. Astean behin etortzen gara eta organoa libre dagoenean deitu egiten digute. Astean bitan etortzen gara, beraz. Bi organoak dira politak, baina elizakoa ederragoa da. Ainhoa eta biok lagunak gara eta batera ibiltzen gara. Etxean teklatua dugu, eta etxekoen aurrean jotzen dut”.

Inigo Larranaga. “Azpeitiarra naiz eta 15 urte ditut. Sei-zazpi urterekin hasi nintzen solfeoarekin eta pianoarekin. Organoarekin iaz hasi nintzen eta biekin jarraitzeko asmoa dut. Etxean ere aldeko giroa izan dut, aita abesbatzan ibili baita beti. Pianoan zortzigarrena egiten ari naiz. Ondoren Donostiara joan beharko dut. Organoa beste gauza bat da. Organoarekin autore ezagunak jotzen hasi naiz, Bach batik bat. Futbola eta pilota ere asko gustatzen zait eta zesta-puntan hasi naiz orain dela gutxi”.

Ainhoa Erkizia. “Azpeitiarra naiz. Zazpi urterekin hasi nintzen pianoa ikasten Musika Eskolan. Orain 12 urte ditut eta seigarren maila ari naiz egiten. Musika Eskolatik esan ziguten ea organoa ikasten hasi nahi genuen, eta izena eman genuen. Nik organoa elizan bakarrik entzun dut, baina gustatzen zait. Iaz hasi nintzen ikasten eta gustura nago. Elizako organo handiarekin jotzen dudanean oso ederra iruditzen zait”.

Pako Aristi: “Urtean 480 euro irabazten ditut”

Urrestillako abesbatzan tiple bezala hasi zen Pako Aristi 9 urterekin eta liluraturik egoten omen zen herriko organistari begira. “Batzuetan izaten da pertsona zaharrenganako enpatia bat. Begiko egin zitzaidan herriko organo-jotzaile hura, eta organoa jotzen ikasi nahi nuela esan nion. Egunero ordubete egiten hasi nintzen berarekin, baina egunak pasatu arte ez nion amari ezer esan. Donato Aristi zuen izena, gure aitonaren lehengusu txikia zen”, hasi zen Pako Aristi umetako kontuak kontatzen.

Donatok, noski, beste lanbide bat zuen. “Zerbait ordainduko zion elizak, baina beste lan batetik bizi zen. Nik esango dizut zer ordaintzen didaten niri: urtean 480 euro”, jarraitu zuen azaltzen.

Geroztik ez du organoa utzi. Urrestillan bazegoen organo-jotzailea, eta Pako Aristi Beizaman jotzen hasi zen. “Artean ez nuen gidabaimenik, baina Vespa hartu eta igandero Beizamara joaten hasi nintzen. Hotzaldi bat izan nuen hogeita gutxi urterekin eta uztekotan egon nintzen, baina amak bera bizi zen bitartean jarraitzeko eskatu zidan. Igandero jotzea gogorra da. Lorik egin gabe askotan joan naiz. Publikoak interpretea ikusten ez duen instrumentu bakarra da organoa, eta eskerrak”, esan zuen.

Azpeitiko organerian egindako organoa dute Urrestillan. “Handia sentiarazten zaitu organoak. Instrumentuek hots bana izaten dute; organoak, ordea, hots asko biltzen ditu. Denbora oso azkar pasatzen den tunel batean sartzea bezala da”, erantsi zuen. Herrian pianoa jotzen dakiten neska batzuk ba omen daude, baina elizara ez dute hurbildu ere egin nahi. “Elizak eragiten die arbuioa. Nik ezaxolaz gainditzen dut arbuio hori. Gara-rekinin joaten naiz meza nagusira, koruan daudenak PNVkoak direlako, eta apaiza sermoia egiten ari den bitartean, egunkaria irakurtzen dut”, esan zuen.