Izarraitz-Txokok "elkarteen arteko loturak estutzeko" ekimenak antolatu ditu

Urola Kostako Hitza | Gizartea
2008ko urr. 1a, 09:10

Elkarteak 75. urteurrena du aurten

Ospakizunen baitan, Patata Tortilla Dastatzea eta mus txapelketa antolatu dituzte

Izarraitz-Txoko elkarteak 75 urte betetzen ditu aurten eta elkarteko ateak zabaldu eta ospakizunetan parte hartzeko gonbita egin die herriko gainontzeko elkarteei, euren arteko ekimenak antolatuz: "Elkartearen 75. urteurrena motibo aproposa iruditu zaigu herriko elkarteei lagunarte giroan ospakizunetan parte-hartzea eskaintzeko".

Bustinzuriko Errebalean dagoen Izarraitz-Txoko Azpeitiko soziedadeen artean zaharrena da; 1933. urtean sortu zuten. Elkartekoak 75. urteurreneko ospakizunetan murgilduta daude aurten, eta ateak ireki eta herriko beste elkarteekin batera egiteko bi ekimen antolatu dituzte: Elkarteen Patata Tortilla Dastatzea urriaren 18an; eta Elkarte Arteko Lehenbiziko Mus Txapelketa Azkarra, azaroaren 22an.

Ekimenak aurrera ateratzeko, gainontzeko elkarteen parte -hartzea ezinbestekoa dela diote Izarraitz-Txokokoek: "Asmoak ahalegin hutsean geratuko ez badira, Azpeitiko gainerako elkarteon parte-hartzea eta lankidetza nahitaezkoak dira". Izan ere, antolatutako ekimenen "arrakastaren giltza", neurri handi batean, elkarteen esku dagoela uste dute Izarraitz-Txokokoek.

Herriko elkarteen arteko loturak gehiago estutzea, herriko soziedaderik zaharrena "gaztetzeko" modu egokia izan daitekeela uste dute. "Elkarte Gastronomikoak Azpeitiko jendartean sendo txertatutako fenomenoa dira, gurea baino lehenago baziren, eta ondoren beste asko sortuko dira". Elkarteen arteko ekimenak eta lankidetza bultzatuz, "elkarteak irekiago eta parte-hartzaileago bihurtzen" ari direla uste dute ekimenen antolatzaileek.

Lehen ekimena, Ardo Egunean

Hilaren 18an, III. Ardo Dastaketa Egunean, Elkarteen Patata Tortilla Dastatzea antolatu du Izarraitz-Txokok, herriko plazan. "Egun horren osagarri eta kaleko giroaren indargarri, Udalarekin lankidetzan, herriko elkarteek patata tortillak eskaintzea modu polita izan daitekeela pentsatu dugu; batetik, jendeak ardoarekin batera zeri bultzatua izan dezan eta, bestetik, tortillen ezaugarriak-eta hizpide hartuta zertaz hitz egina ez dadin falta izan...", diote antolatzaileek.

Elkarte bakoitzak elkartean bertan egindako nahi adina tortilla aurkez ditzake. Elkarte bakoitzaren ardura bakarra egun horretan tortillak Sanagustinpera 11:30erako eramatea izango da. Gero, pintxoak prestatzen Izarraitz-Txoko elkarteko kideek osatutako talde bat jardungo da.

Patata Tortilla Dastatzean izena ematen duen elkarte bakoitzak 25 euroko diru laguntza jasoko du. Ekimen honetan parte hartzeko, hilaren 10a baino lehen Izarraitz Txokokoei jakinarazi beharko zaie: 630 267362 (Iñigo Agirre), 679 078901 (Meliton Santesteban) edota 645 732157 (Jose Luis Otamendi) telefonoetara deituta edota Izarraitz- Txokoren helbidera idatzita (Izarraitz-Txoko Elkartea, Bustinzuriko Errebala, 6 behea).

Elkarteak musean

Izarraitz-Txoko elkartekoek antolatu duten bigarren ekimena, Azpeitiko Elkarte Arteko Lehenbiziko Mus Txapelketa Azkarra da. Txapelketa azaroaren 22an jokatuko dute Izarraitz Txoko elkartean bertan, 16:30ean hasita.

Elkarte bakoitzetik ordezkaritza bakarrak izango du mus txapelketan izena emateko aukera. Izarraitz-Txokon, ordezkaritza aukeratzeko elkartekoen artean jokatuko dute mus txapelketa.

Mus txapelketako irabazleek eta txapeldunordeek sari bana jasoko dute. Parte hartzeko asmoa duten elkarteek azaroaren 15erako eman behar dute izena, aurrez aipatutako telefono zenbakietara edota Izarraitz-Txoko elkartearen helbidera idatzita.

Datua

32 elkarte Azpeitian. Uztarria Azpeitiko Herri Aldizkariak 2006ko maiatzeko zenbakian argitaratu zuenez, Azpeitian 32 elkarte edo soziedade daude. Zaharrena -75 urte bete ditu aurten- Bustinzuriko Errebalean dagoen Izarraitz Txoko da. Berriena, berriz, Iberotarren enparantzako Ziripot - 2006ko udan zabaldu zuten-.

Bidali:  

Erantzunak

Anam | 2008-10-01 : 13:10

32 bat soziedade daude herriyen behin Uztarrian letu nuenez. Baino, tanborradako zea kendute, ez dao ezer artikulaute. Altxor haundiye dao hor herriye ehuntzen juteko. Ez da udaletxien kontue bakarrik lan hori. Soziedadiek'e ardurie daukebe. Zorionak Izarraitz-Txokori ekimen hori hartzeatiken.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu