Loiola, fededunen topagune

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 26a, 13:09

Inazio Larrañaga apaiza bere jaioterrira etorriko da urrian, Loiolako jardunaldi espiritualak zuzentzera

Jardunaldiak bi txandatan egingo dira: urriaren 5etik 10era eta 12tik 17ra

Loiola munduko bazter guztietatik etorritako fededunen topagune izango da datorren urrian; izan ere, Jainkoaren Esperientziaren Topaketak izango dira bertan.

Jardunaldi espiritualak bi txandatan egingo dira: lehen txanda urriaren 5etik 10era izango da eta bigarrena, berriz, 12tik 17ra. Guztira 250 lagun inguru bilduko dira horietan. Ameriketako Estatu Batuetatik, Mexikotik, Espainiatik... etorriko da jendea. Euskal Herrikoa ere izango da, Urola bailarakoa tartean. Arrupe Zentroa eta Gogartetxea guztiz beteta dituztela esan dute antolatzaileek; baliteke, gainera, parte-hartzaile batzuk Loiola Hotelean edo eta Frantziskanetako logeletan sartu behar izatea.

Isiltasunaren laguntza

Jardunaldiek irauten duten bost egunetan isiltasunean egon beharko dute parte-hartzaileek. "Isiltasuna ikastea, otoitz egiten ikastea, norberak bere burua entzutea eta ezagutzea" da gogoeta jardunaldi hauen bidea eta helmuga, antolatzaileen esanetan.

Egunean lau hitzaldi emango ditu Inazio Larrañagak, han bildutakoek "jainkoarekiko komunikazio bideak hobetu" ditzaten. "Psikologiaren eta fedearen arteko nahasketa" da, antolatzaileentzat, han bizi ahal izango dena.

Azken egunean eukaristia egingo dute eta bertan parte-hartzaileek izan dituzten sentipenak partekatzeko abrobetxatuko dute.

Inor ez da profeta bere herrian

Aita Inazio Larrañaga (Azpeitia, 1928) ez da inoiz bere herrian profeta izan. Kaputxino hau izatez azpeitiarra bada ere (Txanton baserrian jaio zen), Txilen igaro ditu bere bizitzako urte gehienak eta aski ezaguna da Hego Amerikan, baita nazioartean ere. Estadioak betetzen dituen gizona da Inazio Larrañaga. Monterreyn (Mexiko) duela gutxi eskaini zuen hitzaldi batean, adibidez, 7.000 pertsona baino gehiago bildu zituen.

Liburu ugari idatzi du eta hamaika hizkuntzetara itzuli dira horiek. Otoitza eta Bizitza Tailerrak sortu zituen 1984an eta munduko 40 herrialdetan zabaldu ditu tailer hauek.

Oharra. Uztarria herri aldizkariak Ignacio Larrañagari buruz erreportajea argitaratuko du urriko zenbakian.