Herriko merkatariek elkarte berria eta bakarra osatzeko ekimena abiatu dute

Urola Kostako Hitza | Ekonomia
2008ko ira. 25a, 09:09

Herritarrak herrian erostera bultzatuko dituen ekimenak antolatzeko asmoa dute

Elkarteak merkatarien prestakuntza bultzatuko du eta bazkideei aholkularitza eskainiko die

Herriko merkatariak bilduko dituen elkarte berri eta bakar bat sortzeko asmotan dabiltza.  Argazki originala

Herriko merkataritza sustatu eta bultzatu nahi dute eta, horretarako, herriko merkatariak bilduko dituen elkarte bat ezinbestekoa dela uste dute. Hori lortzeko dagoeneko herriko hainbat dendari hasi da lanean. Herriko merkatariak bilduko dituen gune bat sortu nahi dute; "elkarte berri eta bakar bat sortzeko ekimena aurrera atera nahi dugu". Besteak beste, elkarte berriarekin herriko merkataritza dinamizatzea dute helburu, eta herritarrak erosketak Azpeitian bertan egitera bultzatzea.

Beraz, merkataritza bultzatuko duten ekintzak garatzea ere izango du helburu, "herriko merkatariak bizirik daudela eta aktiboak direla erakusteko asmoarekin". Horren harira, herritarrak herrian egotera bultzatuko dituen ekimenak antolatzeko asmoa dute. "Erosleen fideltasuna" lortzeko, berriz, hainbat ekimen egiteko asmoa dute: "Fideltasuna saritzeko egitasmoak egingo ditugu: sariketak antolatu, txartel propioa sortu...".

Elkarteko bazkide egiten diren merkatariei zuzendutako egitasmoak ere antolatuko dituzte; hala jaso dute asmoen eta helburuen artean. Batetik, merkatarien prestakuntza bultzatuko du elkarteak eta, bestetik, bazkideei aholkularitza eskainiko die, "diru laguntzen berri emanez, eguneroko arazoetan lagunduz eta ekimen interesgarrien berri emanez, besteak beste".

Udalarekin izan beharreko harremanei dagokienez, elkarteak Udalaren aurrean merkatarien ordezkari moduan lan egingo du, "elkarlanerako, proposamenak egiteko, eskaerak egiteko eta abar".

Bazkideak lortzen

Herrian merkatarien elkarte bakar bat eta berria sortzeko lanetan hainbat lagun edota dendari dabiltza eta horretarako sortu dute Azpeitiko Elkarte Berriaren Talde Sustatzailea. Hauen esanetan, elkarteak "arrakasta" izan dezan gutxienez ehun bazkide behar dira.

Bazkide kuotak zenbatekoa izan beharko lukeen ere jarri dute behin-behinekoz: "Hilero 15 euroko kuota da proposatutakoa".

Dagoeneko, sortu nahi duten merkatarien elkartearen berri emanez eskuorriak banatu dituzte herriko dendetan eta elkartearen helburuak ere azaldu dituzte.

Irati Gurrutxaga (merkataria)

"Herriko merkataritza dinamizatu nahi dugu, elkartearen bidez"

Irati Gurrutxaga (Urrestilla, 1982) dendaria merkatarien elkarte berria sortzeko Elkarte Berriaren Talde Sustatzaileko kidea da. Egun hauetan, dendaz denda elkartearen berri emateko eta bazkideak egiteko eskuorriak banatzen ari dira. Urriaren 3an bazkidetzako orriak jasotzen hasiko dira eta orduan jakingo dute elkartea zeinek osatuko duten.

Merkatarien elkarte berri bat sortu nahian, herriko hainbat lagun ari zarete lanean. Nondik nora hasi zineten asmo honekin?

Hasieran, Udalak deituta, merkatariekin bilerak egin zituzten. Udalak eman zuen bultzada merkatarion elkarte berri bat sortzeko. Udalak deitutako aurreneko bilerara 65 merkatari azaldu ziren eta, gero, herria hainbat gunetan banatu, guneka biltzen hasi ginen merkatariok. Gune bakoitzean hiru edo lau lagun aukeratu eta batzorde bat osatu genuen eta, orain, herriko merkatarien elkarte bat sortzeko asmoarekin lanean ari gara. Horretarako, teknikari baten laguntza izan dugu idatzi bat egiteko, eta Udalak ere lagundu digu.

Orain elkarte berria osatzeko bazkide bila ari zarete, ezta?

Bai, hala da. Herriko guneak banatu ditugu,eta guneka merkatarien artean eskuorriak banatu ditugu, elkarte berriaren helburuen berri emanez eta izena emateko edo bazkide egiteko aukera emanez. Helburu bezala ehun bazkide egitea jarri dugu, eta nik uste dut lortuko dugula. Merkatari bakoitzak bere aldetik zerbait jarri du, eta bazkide egitera animatu nahi ditugu herriko dendariak. Bazkide egiteko dei eginez eskuorriak dendarik denda banatu ditugu, baita izen-abizenak emateko orria ere. Urriaren 3a arte dago bazkide egiteko aukera. Egun horretatik aurrera berriro dendetatik pasatuko gara, bazkidetza orriak jasotzera. Orduan jakingo dugu zenbat bazkide izango dituen elkarteak. Oraingoz bazkidetza kuota hileroko 15 eurotan jarri dugu, baina gero ikusi egin beharko da zenbat bazkide egiten diren eta kuota jaisteko aukerarik ba al dagoen.

Behin bazkidetza orriak jaso eta gero, zer egiteko asmoa duzue?

Zenbat bazkide ditugun jakiten dugunean, elkartearen estatutuak egin beharko ditugu. Gainera, aurrera begira egiteko zenbait proposamen ere badaude dagoeneko: elkarteari izena eta irudi bat jartzeko lehiaketa egitea, gabonetarako zerbait antolatzea... Udalaren aldetik ere laguntza badugu eta elkartea martxan jartzeko lehen pausoak emateko orduan ere asko lagundu du Udalak.

Elkarteak behin martxan jarritakoan zertan lagunduko dizue merkatarioi?

Azken batean, guk nahi duguna herriko merkataritza dinamizatzea da. Jendeak erosketak egin behar dituenean, eta ahal den neurrian, herrian erostea da guk lortu nahi duguna. Horretarako, elkartetik hainbat ekimen bultzatzeko eta egiteko asmoa dago, jendeak kanpoan gastatu behar duen diru hori herrian gasta dezan. Dendari bakar batek bere kabuz hori egitea oso zaila izango litzateke eta, beraz, elkarte bat osatu eta elkarte horren bidez egitasmoak martxan jarri eta garatzea da elkartea sortzearen helburua.

Orokorrean, gaur egun zein dira herriko merkatarion gabezia nagusienak?

Merkatari bakoitzak bere gabeziak ditu, eta herriko gune batean edo bestean egon gabezia batzuek edo besteak antzemango ditu. Baina, oro har, herri mailako merkataritzan beherakada egon da azken urteetan. Nik neuk denda orain dela sei urte ireki nuen, eta ordutik antzeman egin da beherakada. Orain dela hamabost urte denda ireki zuenak, berriz, beherakada gehiago antzematen duela dio. Beraz, asko jaitsi da, eta gainera lehia ere handiagoa da gaur egun. Horretaz gainera, zoritxarrez, erosketak egiteko ohiturak ere aldatu egin dira. Herriko jendea erosketak egitera gero eta gehiago joaten da herritik kanpora. Egoera horrek guri asko eragin digu eta gaur egun hainbeste aipatzen den krisi horrek ere eragina du, normala den bezala. Egia da, asko antzematen da, gaur egun oso jende gutxi dabil dendetan.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu