Internet sarea kable bidez ipini nahi du Udalak auzoetan

uztarrria.com 2008ko ira. 23a, 11:09

Udalak Internet sarea auzo desberdinetara iristea nahi du

Itelazpi enpresa publikoarekin akordio bat egin du eta Nuarbe hartu dute esperientzia piloto bezala

Azpeitiko udalak Internet sarea kable bidez ipintzeko asmoa du Nuarbe auzoan. Udalaren asmoa auzo desberdinetara internet seinale iristea da, errepikagailua jarri eta wifi sistemaren bidez internetera konexioa lortu ahal izatea. Helburu hauek lortzeko udalak Itelazpi enpresa publikoaren akordio bat egin du.

Proiektuaren eraginkortasuna frogatzeko Nuarbe auzoa aukeratu dute. Xanet Esnaola alkateordearen hitzetan, “Nuarben eta gainerako auzo eta baserrietan telefono bidez bakarrik dago internet zerbitzua eskaintzea, horrek sortzen dituen eragozpenekin. Izan ere, telefonoa erabiliz gero ezin dute internetera sartu eta alderantziz. Guk nahi duguna, bi zerbitzuak osagarriak izatea eta ez bata bestearen menpekoa”.

Udaleko arduradunek herritarrei proiektuaren xehetasunak azaltzeko asmoa dute. Aldi berean, Nuarben dauden erabiltzaile kopurua jakin nahi dute. Hori dela eta bilera baterako deialdia luzatu dute biharko, asteazkena. Bilera Nuarbeko Nahi Genduena elkatean egingo dute, 21:00etan.