Azpeitiaren 700. urteurren ekitaldietarako logotipo lehiaketa abiatu du Udalak

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 15a, 11:09
Azpeitia, 'Takolo' baserriaren ondotik ikusita.

Proposamenak urriaren 17ra arte aurkeztu daitezke udaletxean

Irabazleak 1.200 euroko saria jasoko du

Azpeitiak bi urte barru, 2010ean hain zuzen ere, bere sorreraren 700. urteurrena ospatuko du. Ospakizun horrekin lotuta antolatuko diren ekitaldien irudia izango den logotipoa aukeratzeko lehiaketa irekia antolatu du orain Azpeitiko Udalak.

.700. urteurrena ospatzeko ekitaldiei irudi bat emateko helburuarekin antolatu dute logotipo lehiaketa, Azpeitiak 700 urte lelo bezala hartuta. Irekia da, eta 18 urtetik gorako edozeinek aurkez dezake logotipoaren diseinu proposamena; gainera, parte-hartzaile bakoitzak nahi beste diseinu aurkeztu ditzake lehiaketara. Urriaren 17an bukatuko da horretarako epea, eta Udalaren Erregistro Nagusira eraman behar dira. Lehiaketako irabazleak 1.200 euroko saria jasoko du.

Talde bat osatuta eta lanean

Azpeitiaren 700. urteurrenera begira hainbat herritarrek lan taldea osatu dute eta haiengandik abiatu da logotipo lehiaketa egitearen ideia. Taldea dagoeneko ospakizunei begira lanean hasita dago duela hilabete batzuetatik.

Logotipo lehiaketaren oinarriak

Helburua. Azpeitiak bere sorreraren 700. urteurrena ospatuko du 2010. urtean. Ospakizun horrekin lotutako ekitaldietarako, eta haien komunikazio eta zabalkundea egiteko, irudi bat sortzea da logotipo lehiaketaren helburua.

Parte hartzeko. Lehiaketan 18 urtetik gorako edozein pertsonak parte har dezake. Parte hartu nahi dutenek nahi beste proposamen aurkeztu ditzakete, gainera. Proposamen bakoitzak bere izengoitia eraman beharko du.

Logotipoaren diseinua. Logotipoaren diseinuak erabilera anitzak emateko modukoa izan beharko du; hainbat formatu edota espaziotan erabiltzeko gaitasuna ere izan beharko du. Logotipoaren diseinuaren eta koloreen azalpena ematea kontuan hartuko dute. Logotipoaren diseinuak euskarri digitalean eta paperean aurkeztu beharko dira.

Saria. Sari bakarra egongo da eta hori 1.200 eurokoa izango da. Zenbakiari dagokion atxikipen fiskalak ezarriko zaizkio.

Epaimahaia. Alkateak izendatutako epaimahaiak hautatuko du ideia lehiaketako diseinu irabazlea zein izango den. Udaleko alderdi politiko bakoitzeko ordezkari banari parte hartzeko aukera eskainiko dio eta alkatea ere epaimahaiko kide izango da. Epaimahaiak hala erabakiko balu, lehiaketako saria eman gabe utzi dezakete.

Lehiaketara nola aurkeztu proposamenak.

  • Diseinu bakoitza atzealdean identifikatzeko erabiliko den goitizenarekin sinatu beharko da.
  • Euskarri digitalean eta paperean aurkeztu behar da eta horrekin batera bi gutunazal itxi aurkeztu behar dira.
  • Bi gutunazal itxiak: gutunazal batean (A gutunazala) egilearen datuak jarri beharko dira: izen-abizenak, helbidea, telefonoa, posta elektronikoaren helbidea, faxa edota identifikatzeko beste edozein datu. Bigarren gutunazalean (B gutunazala) proposatutako diseinuaren azalpen-txostena gehitu beharko da. Bertan, logotipoa hainbat espazio eta formatutara egokitzeko moduari buruzko dokumentazioa gehitu ahal izango da. Bi gutunazalak (A eta B hizkiz berezituta) kanpoaldean honako idatziarekin identifikatu behar dira: "Azpeitiko Udaleko 700. urteurrenaren logotipoa aukeratzeko lehiaketa". Gainera, lehiakidearen goitizena jarri behar da.

Proposamenak noizko eta non aurkeztu. Logotipoaren diseinu proposamenak urriaren 17a arte aurkez daitezke, Azpeitiko udaletxean, Udalaren Erregistro Nagusian, honako ordutegian: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara bitartean eta larunbatetan 09:00etatik 12:30eak bitartean.

Jabetza intelektuala eta industria eskubideak. Epaimahaikideek aukeratutako logotipoaren diseinuaren egileak Azpeitiko Udalari utziko dizkio esklusiboki Jabetza Intelektualaren Buruzko Legearen testu bateratuak (JILTB) 17. artikuluan aurreikusten dituen obra ustiatzeko eskubideak. Azpeitiko Udala aurkeztutako diseinuaren jabea izango da eta, hala badagokio eta indarrean dagoen legediarekin bat, erregistratu egingo du. Modu horretan, industria-jabetzaren eskubideak lortuko ditu Udalak.