Ekain kobazuloaren erreplika, zabalik

Uztarria.eus 2008ko ira. 11a, 19:09

Gaurko inaugurazioan parte hartu dutenak; tartean; Rafael Rezabal eta Maria Jesus Arregi (eskuinetik hasita aurrenak) ('Urola Kostako Hitza')

Haitzuloa Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal azpeitiarrek aurkitu zuten, 1969an

Ekainberri bihartik irekita egongo da jendearentzat; sarrerak salgai, Zestoan

Ekaingo haitzuloaren erreplika, Ekainberri eraikina, gaur (osteguna) inauguratu dute Zestoan. Atzerapenarekin bada ere, 1996an Zestoako Udalak abian jarritako prozesuaren emaitza denentzat ikusgai egongo da aurrerantzean Sastarraingo bailaran.

Hain justu, Ekaingo kobazuloa Andoni Albizuri Katxo eta Rafael Rezabal azpeitiarrek aurkitu zuten, 1969ko ekainaren 8an. Gaur, Rezabal eta Albizuriren alargun Maria Jesus Arregi inaugurazioaren partaide izan dira.

Erakundeetako ordezkaritza politiko zabala izan du ekitaldiak. Bertan izan dira, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburua, Maria Jesus Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua, eta Alazne Olaizola Zestoako alkatea.

Ekain Gizateriaren ondare izendatu zuen Unescok joan den uztailean. Orain, erreplika bisitatzen dutenek Ekainek gordetzen dituen altxorrak nolakoak diren ezagutzeko aukera izango dute. "Ekain etorkizunean ere babestea, ingurunea babestea eta kobaren altxorra herritarrei zabaltzea" da egitasmoaren helburua, Jesus Altuna Aranzadi elkarteko kidearen hitzetan.

Bisitak, ostiraletik aurrera

Gaurko inaugurazio ekitaldiaren ondoren, bihar (ostirala) irekiko dira Ekainberri eraikinaren ateak bisitarientzat. Sarrerak Zestoako Turismo Bulegoan salduko dituzte. Bisita bakoitzeko gehienez 16 eta 20 lagun bitartean sartuko dira.

Urola Kostako Hitzaren albistea