Kilometroak bi gurpilen gainean

Urola Kostako Hitza 2008ko ira. 8a, 12:09
Azkoitia eta Azpeitia arteko bidegorrian bi bizikletazale, Azpeitiko lurretan.

Gipuzkoako bidegorrien sareak bukatutakoan 378 kilometro izango ditu eta dagoeneko 195 eraikita daude

Bederatzi ibilbideetatik bi eskualdetik pasatzen dira. Orain, Foru Aldundiak plana ikusi eta iradokizunak egiteko aukera zabaldu du.

Gipuzkoan egin diren eta egiteko dauden bidegorri ibilbideen inguruko informazioa jaso edota iritzia emateko bidea jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Bizikleta Bideen Plan Sektorialaren Aurrerapena jendaurrean jarriz. Nahi duten herritarrek plana ikusi eta iradokizunak egin ditzakete. Gaur egun, bidegorri sarearen erdia dago eginda, 195 kilometro hain zuzen ere. Baina bukatutakoan 378 kilometro izango dituela azaldu du Aldundiak.

Gipuzkoan zehar egindako bizikletentzako bideen plana bi sarez osatuta egongo da. Batetik, udal jabetzako bizikleta-bideen udal sarea dago; honek herri barrua eta auzoak lotzen ditu. Beste bidegorrien sarea, herri artekoa da eta ibilbideek zeharkatutako udalerriak lotzen ditu. Guztira, Gipuzkoa osoan bederatzi ibilbide izango dira, eta horietatik bi Urola Kosta eskualdetik pasatzen dira. Kostatik zehar pasatzen dena, Donostia-Mutriku bitartekoa da. Barrualdetik pasatzen dena Urola haraneko bidegorria da. Foru Aldundikoen azalpenen arabera bi bidegorriek lotura izango dute Zestoan, Arroa Behean .

Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren Aurrerapena joan den hilaren 11n argitaratu zuten, eta ordutik jendaurrean jarrita dago. Aurrerapena ikusi eta iradokizunak egiteko aukera Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Departamentuaren ingurumenari buruzko webgunean) edota Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan dago. Aldundiaren esanetan, jasotako iradokizunak dokumentuaren eranskin "berezi" batean jasoko dira. Hala ere, Aldundiak lehendik hainbat eragileren iritzia kontuan izan duela adierazi dute: "Planaren ibilbidean lehendik ere partaidetza publikoak izan du bere lekua, hainbat bilera egin baitira udaletako, eskualde erakundeetako eta elkarteetako 60 ordezkari baino gehiagorekin".

Eskualdean barrena bizikletan

Donostia-Mutriku arteko bidegorria da Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaiatik pasatuko dena. Donostia eta Deba artean N-634 errepidea hartuko du ardatz nagusi gisa. Ibilbideak guztira 67 kilometro inguru izango ditu. Beste bidegorri batzurekin lotuta egongo da, besteak beste, Donostia-Beasain artekoarekin eta Urola haranekoarekin, lehen aipatu bezala.

Urola haraneko ibilbidea, Legazpiko Brinkola auzoan hasi eta Zestoako Arroa Behea auzoan bukatuko da; 43 kilometro inguru izango ditu. Loturak izango ditu kostaldeko bidegorriarekin, Deba haranekoarekin, Oria haranekoarekin eta baita Bergara-Beasain artekoarekin ere.

Lehengo azpiegituretan

Aldundikoen esanetan, bidegorrien ibilbideak osatzeko orduan, "utzita zeuden edota gutxi erabiltzen ziren azpiegiturak erabili dira". Urretxutik Azkoitira eta Azkoititik Azpeitira bitartekoetan esaterako, Urolako trenaren bidea erabili dute bidegorria egiteko. Azkoititik Zumarraga artekoa orain dela hiru urte hasi ziren eraikitzen eta orduan Aldundiak azaldu zuenez, bertan 306.000 euro inbertitzea aurreikusi zuten.

Bide zati horrek 10,5 kilometro ditu eta horietatik 7,5 kilometro Azkoitiko lurretan daude. Bide zati hori bukatuta dago, baina tuneletan argia jartzea falta da. Azkoitiko Udaleko arduradunen hitzetan, "argiak udarako jarrita egon behar zuten, eta egun batetik bestera jarriko dira". Egun hauetan bidegorriaren hormak egonkortzen ari dira.

Azkoitia eta Azpeitia arteko bizikletentzako bidea ere bukatuta dago. Orain urtebete inauguratu zuten, lau kilometroko bidegorria. Hau ere Urola trenaren trenbidean eraiki zuten. Lau hilabete behar izan zituzten egokitzeko eta 1.494.762 euroko aurrekontua izan zuen zati honek.