"Etxeetan ingurumenaren arloko ohiturak aldatzeko", GAP programa

Uztarria.eus 2008ko ira. 5a, 14:09

Programan parte hartzea doakoa da eta hilaren 15a baino lehen eman beharko dute izena herriko familiek

Udaleko Ingurumen Saileko arduradunek herritarrak animatu dituzte programan parte hartzeko

"Etxeetan ingurumenaren arloko ohiturak aldatzeko", abian da Global Action Plan (GAP) programa. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak, Udalsarea 21en bidez, abian jarritako ekimena da eta Euskal Autonomia Erkidegoko etxeei zuzenduta dago. Udalsarearen web guneko datuen arabera, oraingoz Azpeitiko 86 familiak eman dute izena. Urola Kostan, denera, 501 familiak agertu dute ingurumen arloko ohiturak aldatzeko borondatea GAP programaren bidez.

"Eguneroko jarduerekin, planetan dugun eragina etxetik bertatik apaltzea" da ekimenaren helburua: "Hala nola, CO2 emisioak gutxitzea eta kontsumo-ohitura iraunkorragoak garatzea uraren eta energiaren kontsumoan, mugikortasunaren arloan edo etxeko hondakinen kudeaketan".

Ekintzak

Programan parte hartzea erabakitzen duten familiei, ekintza zehatzak proposatuko dizkiete. Lau gai espezifiko landuko dituzte: garraioaren erabilera, uraren kontsumoa, energiaren kontsumoa, erosketen arloko ohiturak eta etxeko hondakinen kudeaketa. Horren arabera, gai bakoitzeko "zazpi ekintza erraz" proposatuko dizkiete programako arduradunek familiei. Programa osorik betetzen duten familien artean, gainera, sariak banatuko dituzte.

Izen-ematea hilaren 15era arte

Programan parte hartzea doakoa da eta hilaren 15a baino lehen eman beharko dute izena herriko familiek.

Orain arte, "emaitza onak"

GAP programa 1992an sortu zen, Rioko Konferentzian. Ordutik, etxean ingurumenaren arloko ohiturak aldatzeko programak garatu ditu Europan eta AEBetan. Aurrez, beste bi edizio izan ditu programa honek EAEn eta, "emaitza onak" izan dituela jakinarazi dute arduradunek: "55 udalerritako 17.000 familiak baino gehiagok parte hartu dute eta horiekin lortu da, etxean 300 tona hondakin gutxiago sortzea, 50 milioi litro ur gutxiago kontsumitzea eta 4.000 tona CO2 gutxiago aireratzea".

Azpeitiko Udaleko Ingurumen Saileko arduradunek herritarrak animatu dituzte programan parte hartzeko.