Imanol Elias: “Askoz meritu handiagoa du herritar xumeek afizioz egiten duten antzerkiak"

Estitxu Elduaien (Berria, 2008-07-27) 2008ko ira. 1a, 19:09

Antzerki amateurra galtzen ari da, eta pena du Imanol Eliasek, gustukoa eta gertukoa duelako

Berrogei antzezlanetik gora idatzi ditu, hainbat liburu eta milaka ohar. Politika atzean utzita, artxiboetan sartuta dabil azkenaldian

Beti egin eta egin esaldia erabiltzen dute ezagutzen duten askok Imanol Elias (Azpeitia, 1936) definitzeko. Antzerkigilea, idazlea, Azpeitiko alkate ohia, historialaria... guztiak izan da, eta askotan, batera. Baina oraindik ez da nekatu: erretiroa aspaldi hartu arren, orduak pasatzen ditu egunero ordenagailu aurrean.

“Ea zer kontatzen dizudan”, esan du Imanol Eliasek mahaiaren bueltan eseri bezain pronto, lotsati samar. Besteen istorioez eta historiaz hitz egiten ibili da bizitza osoan eta hori erraz egiten duela dio; “baina neure kontuak kontatzea gehiago kostatzen zait; badakizu, biluzte hori...”. Baina hasi artekoa izan da. Galdetu orduko kontu ugari etorri zaizkio burura. “Hainbeste dut kontatzeko...”.

Antzerkigile, idazle, politikari ohi, historialari... zer jarri behar da zure izenaren ondoan?

Auskalo! Horietako bat ere ez igual, Gaiztoa jartzea izango da egokiena... Egia esan, ez dakit. Azkenaldiko jarduera kontuan hartuta ‘historialari’, agian, baina beste horiek guztiak ere egin ditudala egia da.

Gaiztoa? Zergatik?

Lehen ere ibili nuelako ezizen hori nik garai batean. Olatz eta Zeruko Argia aldizkarietan idazten nituen artikuluak sinatzeko erabiltzen nuen. Pentsa, Zeruko Argia-n kolaborazio mordoa egin nuen eta hango arduradun gehienek ez zuten jakin ere egin izen haren atzean zein zegoen! Baina utzi egingo dugu izen hori iraganean, badaezpada.

Antzerkiari lotuta egin zenituen lehen lanak. 60ko hamarkadan loraldia izan zela diote hura bizitakoek.

Bai, Azpeitian behintzat bazen garai hartan euskaraz gauzak egiteko indar bat. Nire lagun gehienak dantzan hasi ziren, baina nik horretarako ez nuen batere balio, trakets hutsa nintzen, eta, orduan, antzerkian hastea beste erremediorik ez nuen izan. Oargin hasi nintzen, aurrena antzezle lanetan, gero aktoreak zuzentzen eta azkenean antzezlanak idazten.

Orduan ere gaitzizenarekin?

Gaitzizenarekin ez, baina Manuel izenarekin bai. Diktadura garaian, antzerkia egiteko, baimena eskatzeko eskaera ofizial asko egin behar izaten zen, eta lanak euskaraz egitearren, baimenak eskatzeko, izenak aldatzen genituen. Antzerki taldearen izena ere Grupo Artistico Azpeitiano zen. Filtroak pasatzeko izena aldatu behar bazen, aldatu egiten zen. Guk, azkenean, antzerkia euskaraz egin nahi genuen, eta, behin baimena lortuta, ez zen arazorik izaten, ez baitziren gero gu ikustera etortzen.

Orduko garaitik asko aldatu al da antzerkia?

Asko. Orduan antzerki amateurra egiten zen, herritarrek egiten zuten, afizio moduan, euren eguneroko lana eta eginbeharrez aparte ordu mordoa sartuz, sakrifizio handiak eginez eta musu truk. Orain hori galtzen ari da, ordea, eta antzerki profesionala da jaun eta jabe. Niri pena ematen dit.

Egungo antzerkia ez duzu gustuko?

Ez da hori, baina niri amateurra gustatzen zait, gertukoagoa sentitzen dut. Urteen poderioz, antzerki profesionala eta izen handiduna sustatu eta indartu da, amateurra alde batera utzi eta batere zaindu gabe, eta, nire ustez, askoz meritu handiagoa du herritar xumeek euren afizioz eta sakrifizioz egiten duten antzerkiak.

Euskal antzerki topaketen sortzaileetako bat izan zinen Azpeitiko alkate izan zinen garaian. Topaketa horrek ere antzeko ibilbidea izan al du?

Bai. Oraindik talde amateur askok esaten dute ez dutela Azpeitira etorri nahi, talde profesionalak eta handiak etortzen direlako. Eta pena da, guk topaketak sortu genituenean helburua justu kontrakoa baitzen: amateurrentzat sortu genituen, haiek indartu eta sustatzeko. Baina, urteen poderioz, antzerki profesionalaren alde egin dute arduradunek, eta ez dago besterik. Ni jada ez naiz joaten topaketetako lanak ikustera. Amateurrak ditut gustuko, eta haiek berriro etortzen hasten badira, orduan joango naiz. Bestela, ez.

Kontrako jarrera aktiboa duzu, beraz?

Nik neuk hartu nuen erabaki hori, baina neurekiko bakarrik. Ez diot beste inori esan eta ez dut kanpainarik egiteko asmorik ere, ezta gutxiago ere.

1983an izendatu zintuzten Azpeitiko alkate, EAJtik. Aurretik hasi zinen politikan, diktaduraren azken urteetan. Nolatan egiten du antzerkigile batek politikarako saltoa?

Egia esan behar badizut, politikan ibilitako garaiak oroitzea ez zait batere gustatzen. Atzera begiratu eta nire bizitzan amesgaizto bat izan dela iruditzen zait, bizi behar ez nuen kapitulu bat, eta nahiago nuke kontu haiek ez oroitu.

Hain une zailak bizi izan zenituen?

Ez da hori. Niri zera gertatu zitzaidan, politikan sartuta kanpotik egiterik ez nuen gauza gehiago egitea izango nuela sinesten nuela, sinesten nuen gauzen alde lan egiteko modu izango nuela. Asmo eta intentzio horrekin sartu nintzen politikara. Baina, behin sartuta, kanpoan baino lotuago nengoela ikusi nuen, eta nahi nuena egiteko zailtasun handiagoak nituela. Etsigarria izan zen, desengainu handia.

Baina oroitzapen onak izango dituzu, ez?

Bai, bai, baina sentipen orokorra hori da. Gogoan dut alkate izan aurretik, Azpeitiko Udaleko kide nintzela, herriko balkoian ikurrina jartzen zuen aurrenetako udala izan ginela. 1977ko San Sebastian bezpera zen, eta oso une hunkigarria izan zela oroitzen naiz. Gure aita zenak hainbestetan amestutako une hartako protagonista sentitzea handia izan zen niretzat. Hark umetan beti esaten zidan udaletxe aurretik pasatutakoan: “Noiz ikusiko ote diagu hor gurea?. Berak ez zuen ikusterik izan, baina jarri zutenetako bat bere semea izan zela jakinda harro egingo litzatekeela badakit.

Eta orain alderantziz: Espainiako bandera jartzen ari dira atzera Euskal Herriko udal batzuetan...

Bai, galanta da. Berriro ere lehengora goazen susmoa hartzen diot nik, baina ez dago jakiterik.

Nola ikusten duzu egoera politikoa?

Beltza ikusten dut. Izan ere, euskaldunok zail daukagu batzen ez bagara, eta gaur egun batze hori oso-oso zaila ikusten dut. Lehen denok baten kontra batzen ginen, hori bazegoen, baina orain bakoitza bere aldetik dabil.

Eta zuri itzultzeko gogorik ez zaizu pizten?

Politikari gisara ez, behintzat. Politikan aritzeko politikaria izan behar dela ikasi nuen nik, eta ni ez naiz politikaria; beraz, kito. Batek edo besteak lan baterako edo besterako laguntzeko eskatzen badit, eta bere asmoa ona bada, nik lagunduko diot, baina politikan gehiago ez naizela sartuko argi dut, utzi nuen egunetik bertatik.

Historiarekin, berriz, guztiz kontrakoa gertatu zaizu, umetan historia ikasgaia ez baitzenuen batere gustuko.

Ez, ez, beti azkenerako uzten nuen, gogorik gabe, eta kopiatzeko aukera izanez gero, nahiago! Baina seguru nago garai hartan eskolan irakasten ziguten historia ez zela gero niretzat pasio bihurtu den historia hau.

Nolatan gertatu da, bada?

Artxiboetara joaten hasi nintzenean. Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak Gipuzkoako herrien inguruko lanen lehiaketa bat jarri zuen martxan, eta parte hartu behar nuela erabaki nuen. Horrela, informazio bila artxibora sartu nintzen, eta behin artxibo batera sartuta, harrapatu egiten zaitu. Paper bat topatzen duzu, han dagoena irakurri, eta orduan beste bat behar duzula sentitzen duzu, eta haren bila hasten zara, eta gero beste bat, eta gero beste bat... Eta ez zait niri bakarrik gertatu e, nire bi lagunen adibidea jarriko dizut: Oñatiko artxibora ni autoz eramatera etorri ziren, bakoitza egun batean. Hara eraman eta han kanpoan bueltaka ibiliko zela esan zidan batek iritsitakoan. Nik barrura sartzeko esan nion, eta berak hango liburu bat hartu zuen. Ordutik, joaten nintzen aldiro etortzen zen dokumentuak eta liburuak irakurtzera. Beste lagunari beste horrenbeste gertatu zitzaion.

Zer dute, bada, artxiboek horrela harrapatzeko?

Dokumentu interesgarri mordoa. Egia esan, garai batetik asko hobetu dira; ni joanda nago Azpeitiko artxibora, eta han arkakusoak leihotik sartzen ziren, katuak eta denetarik ikusi nituen. Baina asko hobetu dituzte, zorionez. Oñatiko artxiboa izan da nik ezagutu dudan paradisurik handiena. Ni hara joaten nintzenean, bertako apaizak giltzak ematen zizkidan eta egun osoak pasatzen nituen han; ez nintzen bazkaltzera ere ateratzen: ogitarteko bat eta zahatoa hartu, eta hantxe, ordu mordoa. Altxor handiak daude han.

Historiarekin lotutako hamaika liburutik gora idatzi dituzu, eta guztiak Azpeitian eta inguruetan kokatuta. Historia handira, Euskal Herrikora, salto egiteko tentaziorik ez al duzu izan inoiz?

Tentazioak mordoa, baina ba al dakizu hori zer lan den? Lanbidea izan banu, soldata bat jasoko banu, agian, baina afizioz soilik egiteko, musu truk, nahikoa dut nire inguruarekin. Nik gure herria hobeto ezagutzeko egiten dut historia lana, atsegina ematen dit horrek, baina hortik aurrera gehiegi izango litzateke.

Hainbeste lan eta denbora artxiboetan... etxekoek ez dute zure faltarik sumatu?

Emaztea ona hartu nuen nik, zintxoa, eta zortea izan dut. Hasierahasieratik onartu du nire afizioa, eta ez da horretan sartzen. Hara eta hona joaten nintzenean onartu egiten zuen, eta orain ere bai. Hori bai, asteburuak libre hartzen ditut orain, baserrira joateko, eta oporrak ere hartzen ditut.

Ofizialki erretiroa hartua, lehen baino denbora gehiago izango duzu orain. Idazteko ala aisialdirako?

Idaztea da nire aisialdia. Orain ere egunero pasatzen ditut ordu batzuk ordenagailuaren aurrean; antzezlan berriak idatzita dauzkat, eleberriren bat ere bai... Gero inoiz argitaratuko diren? Ez dakit. Baina nik egin eta egin jarraitzen dut, hori niretzat plazera delako eta beharra sentitzen dudalako. Arrate irratirako ere kronika egiten dut astero. Egun osoa hartzen dit lanak.

Kazetari lanetan ere jarraitzen duzu, beraz.

Bai, beti gustatu izan zait. Zeruko Argia-n jardun nuen, bere garaian El Diario Vasco-n ere bidalitako lanak argitaratzen zizkidaten. Ni ez naiz kazetari sentitu, nik gai bat edo bestearen inguruan idazten nuen, bidali egiten nien eta haiek argitaratu. Beti horrela izan da. Orain, gainera, Uztarrian ere (Azpeitiko herri aldizkaria) hilero historiaz euskaraz aritzeko neure tartetxoa dut.

Eta herritarrek gustuko al dugu historia?

Badirudi baietz. Niri galdetzen didate kalean, zalantzak izanez gero. “Azpeitiko aurreneko azoka noiz izan zuan?” eta horrelako galderak egiten dizkidate eta nik dakidana erantzuten diet. Nik uste dut gaur egungo gazteei ere gustatzen zaiela euren herria eta historia ezagutzea, niri asko galdetzen didate behintzat.

Arrate irratian Azpeitiko kronika egiten duzula esan duzu. Loiola Herri Irratian ikasitakoak irauten du?

Bai, Loiolako Herri Irratian entzun ziren aurreneko hitzak nireak izan ziren, eta aurreneko irrati antzerkiak ere bai. Irratia martxan jartzeko baten bat behar zutela eta, gugana jo zuten, eta hura ere egin genuen. Baina ez nuen asko iraun, egia esan; mikrofonoaren aurrean ez nintzen oso eroso sentitzen eta nahiko azkar utzi nuen. Baina Arraterako egiten dudan lana gustura egiten dut oso.

Zure lanak direla eta, Euskal Herriko Adiskideen elkarteko kide egin zintuzten 1995ean. Biografia bat ere egin dizu Uztarria kultur koordinakundeak. Sari eta omenaldiak ere jaso dituzu. Egindako lana aitortzen dizuten seinale?

Bai, ni gustura nago. Nik neure atseginerako egiten dut lana, baina besteek hori ikustea eta onartzea beti da pozgarria. Behin abokatu batek ere eskerrak eman zizkidan, eta horrek ere asko betetzen zaitu. Azpeitiko San Agustinpe eraikina herriari itzultzeko epaiketako abokatua zen, eta behar zuen dokumentazioa, nik bilduta neukanez, eman egin nion. San Agustinpe herriarentzat gelditu zen orduan. Hori oso ederra da, zure lanak nolabait herritarrei laguntzeko ere balio dezakeela ikusten duzulako.

Zeuk esan duzu, beti egin eta egin zabiltza. Orain, zer duzu buruan?

Badut asmo bat. Garai batean egiten ziren jolasen inguruan zer edo zer egin nahiko nuke, baina ez dakit nola. Oraindik pentsatzen ari naiz, erreportajeak egin, liburutxoren bat atera... buruan bakarrik dut kontua, baina ea zer edo zer egiten dudan.

Begiak argitu zaizkizu aitatze hutsarekin. Hainbeste lan eginda eta oraindik ere ilusio hori nola mantentzen da?

Ilusiorik ez badago, akabo! Beti izan dut gauza berriak egiteko grina. Ilusiorik gabe ez nuke ezer egingo, eta nire bizitza ere askoz tristeagoa izango litzateke.

Eta noiz arte ikusten duzu zeure burua horrela?

Ba, gorputzak uzten didan arte. Gainera, nireak ez dio inori molestatzen, neure kasa egiten dut, eta ba al dago ba hau baino afizio hoberik? Ez dut egiten ari naizena uzteko arrazoi bakar bat ere ikusten, eta hortxe jarraituko dut.

Motzean

Antzezlan bat. Bi ahoko ezpata, neuk idatzitakoa.
Historiako une bat. Matxinadak.
Politikari bat. Ez, ez dut bat besteen gainetik gustuko.
Nori buruzko liburua egingo zenuke? Azpeitiarren bati buruzkoa. Ez pertsona ezagun batena, baina bai bizipen eta istorio asko kontatzen dituenen batena. Horrelako mordoa dago anonimotasunean, eta horietakoren baten biografia egingo nuke nik gustura.
Artxiboetan eta idazten ez zaudenean? Kirola ikustea gustuko dut. Frantziako Tourra, pilota, futbola... eta igandeetan baserrira, haize freskoa hartzera.

Uztarriak Imanol Eliasez ateratako biografia