Abuztua laburbilduz

Uztarria 2008ko ira. 1a, 13:09

Selekzioaren aldeko martxa pasatu zen, eraikuntzako langile bat hil zen...

Uztarria.com-ek hileko albisteen bilketa egin du

Uztailak 31: festak puri-purian. San Inazio egun handia ospatu zen. Udalbatzak San Inazioren irudia atera zuten elizatik eta prozesioari ekin zioten herritarrek. Parrokiara itzulita Donostiako gotzain Juan Maria Uriartek eman zuen elizkizuna, eta Julian Barrenatxea eta parrokiako abesbatzak kantatu zuten. Lehen zezenketa izan zen, eta horien kontrako taldeak manifestazioa egin zuen.

Abuztuak 1: bakailao txapelketa polita. Lehen bakailao lehiaketa arrakastatsua egin zen. 20 taldek hartu zuten parte.

Abuztuak 2: ekitaldiz gainezka. Zaldi domaketa erakustaldiak eta Kerobia eta Zea Mays taldeen kontzertuak jarri zuten festa giroa saninazioetako azken egunean. Zezen plazan, Kinttela Zezen Elkarteak 2007ko toreatzailerik onenaren saria eman zion Alejandro Talavanteri.

Abuztuak 4: Epi, Iraurgira. Edgar San Epifanio Epi jokalariak Iraurgi saskibaloi taldean jokatuko du denboraldi honetan, Bruesak utzita. Juan Antonio San Epifanio jokalari ohi ezagunaren semea da. Eskolta jokatzen du.

Abuztuak 5: Lagun Onak-Reala Garmendipen. Mila lagunetik gora elkartu ziren Garmendipen Lagun Onak–Reala lagunarteko futbol partida ikustera. Realak irabazi zuen: 0-2. Alex Albistegik eta Iñigo Diaz Zeriok sartu zituzten golak.

Abuztuak 7: selekzioaren alde. Euskal selekzioaren aldeko Mendi Martxa heldu zen eskualdera.

Abuztuak 16: burdin aroaz gehiago jakiteko. Munoaundi burdin garaiko eremu harresitua bisitarientzat ireki zuten.

Abuztuak 24: umeentzat fantasia. Udaleko Gazteria Sailak antolatutako Txiki Biran ekimenaren barnean, Irrintzi taldeak ‘Lau anai umezurtzak’ txontxongilo ekitaldia eskaini zuen Sanjuandegi auzoan.

Abuztuak 26: langile baten heriotza. 35 urteko langile bat hil zen Erdi kaleko berrikuntza lanetan hari zela, asma krisi batek eraginda. Eraikuntza arloko langilea zen, JV Peinso enpresakoa. Portugalgoa zen sortzez.

Abuztuak 30: Lagun Onak-ek berdindu lehen partidan. Laudion hasi zuen Lagun Onak-en gizonezkoen lehen taldeak Espainiako Hirugarren Mailako denboraldia, eta hutsean berdindu zuten.

Abuztuak 30: Bruesaren partida. Bruesa–Valladolid saskibaloi taldeen lagunarteko partida jokatu zen kiroldegian, eta ikusle ugari bildu zen. 80-73 irabazi zuen Bruesa Donostiako taldeak. Partida horren aurretik Iraurgik Pielagosen aurka jokatu zuen lagunartekoan, eta 72-67 irabazi zion.