Festa giroan ospatu dute urtemuga

Uztarria.eus 2008ko uzt. 21a, 10:07
Goiko argazkian, baltsa jaitsiera. Behekoan, bazkaria Gaztetxean ('Urola Kostako Hitza').

Gaztetxeak hirugarren urteurrena ospatu zuen larunbatean

Txalupa jaitsiera, bazkaria, triki-poteoa eta kontzertuak izan ziren, besteak beste, gaztetxe inguruan

Azpeitiko Gaztetxeak hirugarren urtemuga ospatu zuen larunbatean, hilak 19. Gazteek egun osoko festa egin zuten urteurren horren harira. Ekimenekin hasteko, herriko plazan egin zuten gosarian indarrak hartu eta baltsa jaitsiera egin zuten, Urola ibaian. Bederatzi lagun taldek hartu zuten parte, beraiek egindako baltsarekin lehian. Berdura plaza atzetik abiatu eta Madalenako zubian zuten helmuga txalupan zihoazen gazteek.

Eguerdian bazkaria eta gauean kontzertua

Eguerdian, 150 lagun inguru elkartu zen Gaztetxean, bazkaltzeko. Arratsaldean, kalera atera zuten festa, triki-poteoarekin. Kontzertu batekin agurtu zuten aurtengo jaia.