Gaztetxearen hirugarren urteurrena festa giroan ospatuko dute

Uztarria.eus 2008ko uzt. 17a, 14:07
Aurreko urtean egin zuten lehen aldiz baltsa jaitsiera Urola ibaian.

Azpeitiko Gaztetxearen hirugarren urteurrena ospatuko dute larunbat honetan

Goizean txalupa jaitsiera egingo dute gazte talde ezberdinek; arratsaldeko bizikleta ikuskizuna, berriz, bertan behera geratu da

Azpeitiko Gaztetxeak hiru urte bete ditu dagoeneko eta urteurren hori ospatzeko, hainbat ekimen antolatu dituzte Gazte Asanbladakoek larunbat honetarako. Urteurren festari ekiteko, hamaiketakoa egingo dute elkarrekin. Hamaiketan elkartuko dira mokadutxoa jateko plazako iturriaren ondoan. Gero, 11:30ean baltsa jaitsierari hasiera emango diote berdura plazan. Etxe Zuri parean izango dute txalupetan doazen gazteek lasterketaren helmuga eta, gero, Eskusta parean aterako dira errekatik. 14:00etan izango da bazkaria gaztetxean. Entsalada errusiarra, albondigak eta arroz esnea izango dituzte bazkaltzeko.

Bizikleta ikuskizuna bertan behera

Arratsaldeko ekimena bertan behera gelditu dela jakitera eman dute gaztetxekoek. 17:00etan bizikleta salto ikuskizuna egitekoak ziren gaztetxe aurrean, baina azkeneko momentuan, "zailtasunak" izan dituzte bizikletariek taldea osatzeko. 18:30ean triki poteoa egingo dute.

Iluntzean, berriz, kontzertuak izango dira gaztetxean. Zaldibarko Disorders taldeak eta Iruñeako Arkadak joko dute eta 22:00etan hasiko dira kontzertuak.

Bazkarirako txartelak Txarrantxan eta Orkatzen

Bazkarirako txartelak salgai egongo dira Txarrantxa eta Orkatz tabernetan. Toki horietan txartelak aurrez erosiz gero, zortzi euro ordaindu beharko dituzte ikasle eta langabetuek eta hamar euro langileek. Prezio horren baitan, bazkaria eta kontzertuetarako sarrerak sartzen dira.

Ikusi iazko baltsa jaitsierako bideoa hemen