Ikastetxeko bi jolaslekuak konpontzen ari dira

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 17a, 12:07
Karmelo Etxegaraiko jolaslekuetako lanak.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarairen Euskal Herria kaleko eraikinean ari dira lanean, kanpoaldean

Eraberrituko dituzten goiko eta beheko jolaslekuak lotzeko %8ko aldapa eraikiko dute

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarairen Euskal Herria kaleko ikastetxeko bi jolasleku konpontzen eta berritzen ari da Udala. "Bi jolaslekuak eraberritu beharrean zeuden eta orain hilabete batzuk kreditu aldaketa bat egin zuen Udalak lan horiek aurrera eraman ahal izateko", azaldu du Azpeitiko Udaleko alkateorde Xanet Esnaolak.

Udalekoek ikastetxekoekin hitz egin eta eraberritze lanak ikasleak oporretan zeuden bitartean egingo zituztela adostu zuten. Hori dela eta, hil honen hasieran hasi ziren jolaslekuetako zorua berritzen. Lanek 185.000 euroko aurrekontua izango dute.

Lotzeko aldapa

Ikastetxearen aurrealdeko jolaslekua, behekoa, eta goikoa konponduko dituzte. Gainera, bien arteko lotura egiteko aldapa bat eraikiko dute, "beheko jolaslekutik goikora joateko eskilarak besterik ez zeuden eta irisgarritasun aldetik gaizki zegoen. Beraz, toki horretan aldapa bat egingo dugu eta, era horretan bi jolaslekuak lotuta geldituko dira". Aldapa %8koa izango da.

Ikastetxearen goiko jolas lekuan, aterpe aldean ur potzu handiak egiten ziren eta eraberritzeko lanetan hori kontuan hartuko dutela esan dute Udaleko ordezkariek. "Lur zoruak ez zeukan batere aldaparik eta, horregatik, ur potzuak sortzen ziren; orain aldapa txiki batekin egingo da zoru berria, potzurik ez sortzeko".

Adinaren arabera moldatuta

Eraberritzearekin batera, jolas lekuak adinaren arabera moldatuko dituzte: "Goikoa Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutakoa izango da batik bat, saskibaloiko bi pistarekin-eta; behekoa, berriz, Haur Hezkuntzako ikasleentzako izango da".