'Korostieta'-rako bidea erortzeko arriskuan zegoen eta konpondu egin dute

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 14a, 13:07
Azpeititik Errezilera arteko errepidea, 'Korostieta'-rako baserri bidea hasten den gunea.

Baserri bideak 300 metroko etena zuen eta konpondu bitartean Errezilerako errepidean errei bat itxita egon da

Lan horiek egiteko 45.000 euroko aurrekontua izan du Udalak

Udala baserri bideak konpontzen ari da; garai honetan, Izarraitzen Takolo eta Urreta bitarteko bidea egiteko asmoa zuen, baina Odria inguruko beste baserri bide batean "premiazko" obra bat egin behar izan du azkenean. Bestalde, Azpeititik Errezilerako errepidean, Korostieta baserrira doan bidea konpondu du Udalak, "pitzatuta eta erortzeko arriskuan zegoelako".

Bi puntutan egin dituzte errepidea konpontzeko lanak, "baserrietara doan bidean mendia oso biguna da eta bidea behera eginda zegoen", azaldu dute Udalekoek.

"Errezilerako errepidetik, besteak beste, Korostieta eta Odriozolatxo baserrietara doan bidean egin dira lanak. Barrenolak baserrien aurrean, hogei metro luzeko etena zegoen eta, obra hori egiteko zailtasunengatik, Errezilgo errepidean errei bat bi astez itxita egon da". Udaleko arduradunak "mendia kolpera eroriko" zen beldur zirelako egin dute obra: "Goitik behera etortzeko eta beheko errepidean ezustekoren bat gertatzeko arriskua zegoen".

Lurra "biguna" zegoen, eta hori indartzeko edo "finkatzeko" lurra lau metro eta erdian zulatu eta eskollera edo harri-lubeta egin dute harriarekin eta hormigoiarekin. Bide horretan bertan, lehen obraren puntutik 300 metrora gertatutako luizi baten arrastoak ere konpondu dituzte, "zortzi metro luzekoa". Lan horiek egiteko 45.000 euroko aurrekontua izan du Udalak.

Takolo eta Urreta artekoa

Aurretik aipatutako lan horien ondorioz, Izarraitzen Takolo baserritik Urreta baserrira bitarteko bidean egitekoak zirenak atzeratu egin dira. Baina, hala ere, toki horretan lanean hasita daudela azaldu dute Udaleko arduradunek: "Hormigoia solte zegoen tokietan, oinarria ondo egoteko hormigoia bota dugu". Uda honetan Urreta arteko bideko lanak bukatuko dituztela azaldu dute: "Asfaltoa botatzea falta da eta udan egingo dugu".