Etorkinen inguruko datuak jakinda, irailean plangintza martxan jarriko du Udalak

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 14a, 13:07
Pakistandarrak Garmendipen cricketean jokatzen.

2003tik 2007ra bitartean 719 etorkin etorri dira Azpeitira eta gehienak lan bila etorritakoak dira

Etorkinen seme-alabak herriko ikastetxe guztietan banatuta daude

Udalak herrira 2003-2007a bitartean etorritako etorkinen inguruko azterketa egin du, jakiteko nondik datozen eta nolakoa den haien errealitatea. Hala, azterketaren araberako "plangintza eraginkorra" egin eta martxan jartzeko asmoa du udazkenetik aurrera. Azterketa Prospectiker enpresak egin du, Udalak aginduta. Erroldako datuetan oinarrituta, herriko eragileekin eta etorkinekin harremanak izanda egin dute azterketa.

"Azken urteetan etorkinen olatu berri bat izan da eta errealitate horren inguruko azterketa egin da", zioen atzo Azpeitiko alkate IƱaki Errazkinek azterketaren ondorioak azaltzerako orduan. "Errealitate horren argazki erreal bat egin dugu", gaineratu zuen Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburu Juan Karlos Arellanok. Baina, hala ere, "datu legalak" erabili dituztela zioen: "Erroldatu gabeko etorkinak ere badira, baina ezin ditugu zenbatu".

Behin azterketa eta ondorioak eskuartean dituztela, plangintza bat egingo du Udalak; udazkenean jarriko dute martxan. "Orain zirriborro bat egiten ari gara eta irailetik aurrera lanean hasteko asmoa daukagu, plangintza martxan jarrita. Dena den, plangintzak etapaka garatuko dugu", azaldu zuen Arellanok.

Etorkinen kopurua eta jatorria

Udalak aurreneko aldiz egin du etorkinei buruzko era honetako azterketa bat. Azterketa horren arabera jakin dute, 2003tik 2007ra bitartean 719 etorkin etorri direla Azpeitira eta horietatik kopuru handiena Portugaldik etorri dela. Horrez gainera, etorkinen %60k bi urte baino gutxiago daramatza Azpeitian bizitzen.

Azterketatik ateratako ondorioak

Udalak Azpeitiko etorkinen inguruan egindako azterketatik ateratako ondorio batzuk honakoak dira:

Etortzeko arrazoia: lana. "Etorri diren gehienak zerbaiten bila etorri da eta, gehientsuenak, lan bila etorritakoak dira. Gainera, nahiko zorte izan dute lana bilatzerako orduan. Orokorrean, alde horretatik nahiko irudi edo jarrera ona dute. Lana topatzeko arazoak dituztenak ere badira, baina neurri handi batean oztopo horiek gainditzeko aukera izan dute". Azterketan ikusten denez, gizonezko gehienak eraikuntzan eta industrian egin dute lan. Emakumeek, berriz, ostalaritzan, etxeko lanetan eta adineko pertsonak zaintzen egiten dute lana.

Gizonezkoak aurrena. "Nagusiki gizonezkoak etorri dira lanera, eta bigarren etorreran datoz emakumeak. Behin gizonezkoek lana eta etxebizitza aurkitu duenean datoz emakumeak".

Gehienak alokairuan. "Etorkinak, orokorrean, alokairuan bizi dira Azpeitian. Batik bat, alde zaharrean eta Sanjuandegin bizi dira, baina ez dago ghetto-rik, herrian oso hedatuta daude".

Hezkuntza euskaraz. "Hezkuntza aldetik, arazoa euskaraz ez dakitela da. Teorian D ereduan hasten dira ikasten. Txikienek, behin urte kopuru bat pasatu ondoren, ez dute arazorik izaten euskaraz egiteko; gehientsuenek behintzat. Hezkuntza aldetik integrazioa nahiko egokia da. Etorkinen seme-alabak herriko ikastetxe guztietan banatuta daude".

Desegituratutako familiak. "Orokorrean, etorkinen familiak desegituratutakoak dira. Emakumeak bigarren olatua batean etortzen direlako eta rolak oso markatuta dituztelako; gainera gure kulturarekiko desberdintasun handiak dituzte".

Euskara ikastea zaila. "Hizkuntza aldetik arazoa dag; etorkinek diote oso zaila egiten zaiela euskaraz ikastea. Batzuk zailtasunak errazteko ez dute ezer egiten".

Gizarteratzea: bigarren mailakoak. "Pixka bat baztertuta edo marginatuta sentitzen direla diote etorkinek eta bigarren mailako pertsonak sentitzen direla".

Aisialdian, euren artean. "Aisialdian ez dira integratzen eta beraien ingurukoekin elkartzen eta gelditzen dira. Zapo Txokon-eta elkarbizitza nahiko ondo doa, baina gainontzean aisialdirako euren multzoak sortzen dituzte eta hori oso markatuta dute".

Laguntza gutxiago eskatu. "2006 eta 2007 bitartean gizarte larrialdietan laguntza gutxiago eskatu dute. Etorkin gehiago etorri da, baina Gizarte larrialdietan laguntza eskatu dutenen kopurua %5 jaitsi da. Horrek etorkinen gizarteratzea hazi egin dela esan nahi du".

Gizarteratzeko ikastaroak. "Udaletik gizarteratzeko formazio ikastaroak antolatu dira, nahiz eta zuzenki etorkinei zuzendutakoak ez izan, haietan etorkinek parte-hartze handia izan dute: hamahiru parte-hartzailetatik zortzi etorkinak izan dira. Sukaldari laguntzaileen nahiz supermerkatuetako kutxazainen edo apalak berriz betetzen jarduten direnen lanpostuetarako ikastaroak antolatu dira. Era horretan ikusten da etorkinek gizarteratzeko pauso hori eman nahi dutela. Aurrera begira ere, era horretako ikastaroak antolatzeko asmoa du Udalak. Datozen hilabeteotan programa zehatz bat egingo dugu eta dagoeneko horretarako diru laguntza batzuk ere eskatu ditu Udalak".

Etorkinen kopurua

2003tik 2007ra bitartean Azpeitira 719 etorkin etorri dira. Gehienak Portugaldik etorri dira:

Portugal. 150.

Maroko. 130.

Ekuador. 83.

Argentina. 59.

Espainia. 54.

Pakistan. 38.

Txile. 24.

Brasil. 23.

Bolivia. 19.

Aljeria. 16.

Kuba. 14.

Polonia. 13.

Kolonbia. 12.

Txina. 11.

Beste nazio batzuetatik. 73.