Karasusa okupatu zutenetik udal gobernua bakarrik aldatu dela salatu du Gazte Asanbladak

Uztarria.eus 2008ko uzt. 11a, 15:07
'Orain dela bi urte itxi zuten etxe hau. Gaur, etxebizitzaren arazoak bere horretan dirau. Etxebizitza politika berri bat orain!' dio Karasusa etxean zintzilikatu duten pankartak.

Bi urte bete dira herriko gazte talde batek Karasusan etxea okupatu zuela; horren harira idatzia atera dute

EAJ, EA eta EB-Aralarren jarrera kritikatu dute, besteak beste, Gazte Astearen baitan egin zen mahai-ingurura ez zirelako agertu

Bi urte bete dira herriko gazte talde batek Karasusaneko etxea okupatu zuela. "Denok etxe duin batean bizi ahal izateko eskubidea dugula aldarrikatzeko" helburuarekin burutu zuten gazteek ekintza eta "babes handia" jaso zuen euren esanetan. Urteurren horren harira, Azpeitiko Gazte Asanbladakoek idatzi bat kaleratu dute etxebizitza gai hartuta.

Gazteen esanetan, "okupazio hartatik aldatu den gauza bakarra udal gobernu taldea izan da eta badakigu gai korapilotsu honen aurrean lanean ari dela, alternatibak bilatu nahian". Bide horretan, hala ere, "lan nekeza" dutela gaineratu dute, "EAJk utzitako herentziagatik", batetik, eta EA eta EB-Aralar ez dituztelako "oso konbentzituta" ikusten "irtenbideak bilatzeko".

Mahai-inguruan alderdiek izan zuten jarrera

Hori guztia "garbi" ikusi zen gazteen arabera, Gaztetxetik antolatutako Gazte Astearen baitan egin zen mahai-inguruan: "Bagenekien EAJkoak ez zirela agertuko. Batetik, badakigulako herritarren aurrean aurpegia emateko kemenik ez dutela eta, bestetik, gonbidapen gutuna ez zutela jaso "argudiatu" zigutelako ekimenaren bezperan. Baina beste bi alderdiengandik ez genuen espero horrelako jarrera koldar eta axolagaberik".

Mahai-inguru hartara herriko alkate IƱaki Errrazkin bakarrik agertu zen. "Azpeitiko historian zehar lehen aldiz, herriko alkatea mahai baten bueltan bildu zen herritarrek egindako galderei erantzuteko. Bi urtetan egindakoaz eta aurrera begirako asmoez mintzatu zen", esan dute Gazte Asanblakoek. Horren aurrean, honakoa ondorioztatu dute: "Beste behin ere, EAJ, EA eta EB-Aralar alderdiek ez dute arazo honekin bukatzeko plangintzarik eta asmorik".

Gazteek, bide batez, "etxeak salduz negozioa egitea eta etxeak zozketatzea ez direla bidezkoa" salatu dute, "beste behin ere". Horren aurrean, "alokairuaren aldeko politikak" eskatzen jarraituko dutela jakinarazi dute, "pertsona orok, bakoitzaren ahalmenaren arabera, etxe batean bizitzeko aukera izan dezan".