2010ean Azkoitiko Oinartxon kokatuko dute Urola Erdiko Berrigunea

Urola Kostako Hitza 2008ko uzt. 10a, 11:07
Oinartxon egitekoak diren industrialdeko eraikinetako baten irudi birtuala.

Urte eta erdi barru industrialde berrian izango da Innobasque egitasmoaren baitako Berrikuntza Gunea

Guztira, 17 milioi euroko inbertsioa egingo dute Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalek

2010ean Azkoitiko Oinartxo industrialdean kokatuko da Urola Erdiko Berrigune-Berrikuntza Gunea, eskualdeko enpresa txikietara eta ertainetara berrikuntzaren kontzeptua eramateko eta sustatzeko asmoarekin.

Gipuzkoan aitzindaria izango den gunea Innobasque egitasmoaren baitan kokatzen da. Berrikuntza teknologikoa euskal gizartean eta produkzio sarean ezartzea da Innobasquen helburu nagusia.

Hainbat erakunde dagoeneko hasi da proiektuan lanean. Besteak beste, Deustu eta Mondragon unibertsitateak, Orkestra (Lehiakortasunaren Euskal Institutua), CompaƱia Ibermatica. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ari dira elkarlanean proiektua bideratzen.

Bestalde, Azkoitiko Udalak joan den otsailean sinatu zuen Azkoitiko Oinartxoko Industrialde berria egiteko hitzarmena. Guztira, 17 milioi euroko inbertsioa egingo dute Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalek. Gaur egun Insausti industrialdean dauden enpresez gain, kanpoko zein herriko beste hainbat enpresa bilduko ditu industrialde berriak.

Ekimen berritzailerik ez

Azken bost urtetan Urola bailarak enpresa ekimen berritzailerik ez du hartu bere baitan. Balio teknologiko erantsia duten enpresarik ez dago eta unibertsitate mailako formazioari dagokionez, Euskal Herriko batez bestekoaren azpitik dago Urola Erdia.

Berriguneari esker enpresa, erakunde eta hezkuntza zentroen arteko elkarlana bultzatu nahi dute, berrikuntza arlo guztietan ezartzeko.

Erreakzionatzeko garaia

Pedro Luis Uriarte Innobasqueko presidenteak adierazi duenez, "datorrenari aurre hartu eta erreakzionatu beharra daukagu". Krisi "sakonean" ez hondaratzeko errezeta ere eman zien Uriartek aurreko astean Azkoitian egin ziren Ezagutza Gunearen Topaketetan parte hartu zuten eragileei: "Nahikoa egiten ez badugu, gainbeheran sartuko gara, merkatuan pisua galduko da eta hurrengo belaunaldiek prezio altua ordainduko dute. Agian ezin izango dute gu bezala bizi".

Innobasqueren xedea

Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, irabazi-asmorik gabeko elkarte pribatua da, Euskal Herrian "eremu guztietan berrikuntza, espiritu ekintzailea eta sormena koordinatu eta bultzatzeko sortua".