Azpeitia dantzan jarriko da uztailean

Uztarria.eus | Kultura
2008ko eka. 27a, 12:06

Alima Ekialdeko dantza taldea, Itsasi, Argentinako Gazte-Alai eta Sahatsa eta Esloveniako Maj dantza taldeak izango dira uztailean, Azpeitia dantzan ekimenaren baitan

Uztailaren 6an izango da lehena, sabel dantza emanaldia

Laila Rangel dantzariak emanaldia eskainiko du uztailaren 6an, Alima Ekialdeko dantza taldearen baitan.  Argazki originala

Saninazioei aurrea hartuz, hainbat urtean egin izan den ekimenak ez du hutsik egingo aurten ere. Azpeitia Dantzan ekimenak lau emanaldi eskainiko ditu uztail honetan. Alima Ekialdeko dantza taldea, Itsasi, Argentinako Gazte-Alai eta Sahatsa eta Esloveniako Maj dantza taldeek hartuko dute parte, hurrenez hurren aurtengo edizioan.

Uztailaren 6an izango da lehen ikuskizuna. Amancay Gaztañaga zestoarrak zuzenduta Alima Ekialdeko dantza taldeak, sabel dantza emanaldia eskainiko du Azpeitiko plazan. 20:00etan hasiko da dantza eta besteak beste, Dantza Faraonikoa, Oriental Klasikoa eta Zetazko Beloa piezak dantzatuko dituzte.

Hurrengo hitzordua uztailaren 19an izango da. Itsasi Azpeitiko dantza taldeak Zazpi Haizetara ikuskizuna eskainiko du Izarraitz pilotalekuan. Ainara Bidal eta Maite Maiz-ek zuzenduko du eta 22:00etan hasiko da.

Argentinatik, `Hator Hona!´ ekimena

Argentinatik etorriko dira hurrengo emanaldia eskaintzera. Sahatsa dantza taldearekin batera, Argentinako Gazte-Alai taldeak ikuskizuna eskainiko du. Talde horrek duela bost urte Hator Hona! izeneko elkartruke programa abian jarri zuen. Horri esker, uztailero, Euskal Herritik Argentinako Necochea lurraldera zortzi bat gazte joan izan dira euskal kulturaren inguruan hainbat tailer garatzera. Aurten, ordea, proiektua osatu egin da eta handik etorriko dira hona, euren arbasoen lurra ezagutzera.

Sahatsarekin batera uztailaren 24an Azpeitiko plazan eskainiko duten ikuskizunean, Euskal Herriko zein Argentinako dantzak uztartuko dituzte. 22:00etan hasiko da emanaldia.

Eslovakiako dantza eta abestiak

San Inazio egunean izango da Azpeitia Dantzan ekimenaren baitako azken emanaldia. Uztailaren 31an Eslovakiako Maj dantza taldea ariko da Azpeitiko plazan. Eslovakiako hainbat eskualdetako dantza eta abestiak entzuteko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek, saninazioetan bete-betean izango dira herritarrak ordurako.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu