Larunbatean auzoko festak ospatuko dituzte Damason

Uztarria.eus | Festak
2008ko eka. 26a, 12:06

11:00etan txupinazoa bota eta egun osoan zehar luzatuko dira ekimenak

Iluntzean afaria egingo dute auzotarren artean

Larunbatean auzoko festak ospatuko dituzte Damasoko bizilagunek. 11:00etan emango diote festari hasiera, orduan botako baitute txupinazoa. Gero, egun osoan zehar luzatuko dira ekimenak adin eta era askotako jendearentzat.

Suziria bota eta ordu eta erdira bizikleta probari hasiera emango diote eta 12:00etan, berriz, Txikien III. Lasterketa abiatuko da. Ordu erdi beranduago hasiko da handien lasterkako proba. 12:45ean izango da lehiaketa horien sari banaketa. Neke eta egarriak asetzeko, 13:00etan poteoa egingo dute.

Pintura lehiaketak emango dio segida festari arratsaldean. 16:00etan egingo dute eta ordu erdi geroago, berriz, merienda izango da. Ondoren, 17:00etan jolasak egingo dituzte auzoko gazteenek. 18:30ean buruhandiak izango dira eta 19:00etan, berriz, triki poteoa abiatuko dute. Kalejiran Azpeitiko plaza nagusiraino joango dira, aurten gainera, bonbo eta guzti ibiliko direla jakinarazi dute Damasoko auzotarrek. 21:30ean afaria egingo dute Damasoko plazan eta Afalostean musika emanaldia izango da ordu txikietara arte.

Afarirarako txartelak Nekane Janariak eta Laratz tabernan

Afarirako izena Nekane Janariak eta Laratz tabernan eman daiteke eta helduei 25 euro kostako zaie eta gaztetxoei, berriz, 5 euro. 5 urtetik beherakoentzako doakoa izango da afaria.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu