Sexu askapenaren aldeko aldarria egingo dute ekainaren 28an

Uztarria.eus 2008ko eka. 25a, 14:06

Ostegunean, Emakume lesbianen ikusgaitasuna eta parte-hartzea Euskadin hitzaldia izango da Sindikatu Zaharrean

Oraingoan sexu askatasuna ospatuko duten arren, Azpeitiko Bilgune Feministaren arabera, "asko dira borrokan jarraitzeko arrazoiak"

Ekainaren 28an gay, lesbiana, transexual eta bisexualen eguna aldarrikatuko dute eta horren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Sexu askapenaren aldeko aldarria egingo dute Urola Kostako Koordinadora Feministak, Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Batzordeak eta Matadeixe Zinetogramek elkarlanean antolatutako ekimenetan.

Ostegunean, ekainak 26, esaterako, Emakume lesbianen ikusgaitasuna eta parte-hartzea Euskadin hitzaldia eskainiko du Imnaculada Mujikak Azpeitiko Sindikatu Zaharrean. 20:00etan hasiko da solasaldia. Ostiralean, berriz, Mujer contra mujer zinema emanaldia izango da udaletxe azpian, 22:00etan hasita. Herrian egingo diren ekimenekin jarraituz, larunbatean, 13:00etan elkarretaratzea egingo dute Loiolan eta ondoren luntxa izango da.

"Borrokan jarraitzeko arrazoiak"

Azpeitiko Bilgune Feministatik azaldu dutenez, oraingoan sexu askatasuna ospatuko duten arren, "asko dira borrokan jarraitzeko arrazoiak": "Legeak eraldatu eta ezkontzeko eskubidea bermatuz, agintari politikoek ahoa hitz handiz betez, aurrerapauso handiak egin direla sinestarazi nahi digute baina gure kaleetan, gure erlazioetan bi jarrera diskriminatzaile argiak nabarmentzen dira".

"Eliza homosexualitatearen kontra"

Ildo beretik, "elizak historian zehar homosexualitatearen kontra aurrera eramandako errepresioa" salatu dute feministek: "elizak, instituzio gisa kristautasunaren mezua erabiliz, gure gizarte egituren azken muineraino sartzea eta bertan errotzea lortu du eta horren ondorioak guztiok jasaten ditugu". Horren aurrean, eredu heterosexualari uko egitea ez dela "batere xamurra" azaldu dute.

Bilgune Feministen arabera, "guztion zeregina da jarrera hauek zuzentzea, umetatik ezarri dizkiguten arau zapaltzaileak ezabatzea eta guztiok lekua dugun gizarte aske, anitz eta aberats bat eraikitzea".

Azpeitian ez ezik, hainbat herritan egingo dituzte sexu askapenaren aldeko ekimenak. Urola Kosta Eskualdean ere hainbat egingo dituzte.

Egitaraua

Ekainak 25, asteazkena. 21:30ean, Azkoitiko Matadeixen, Gaulesbitrans zinema zikloaren baitan: Happy Together.

Ekainak 26, osteguna. 20:00etan, Azpeitiko Sindikatu Zaharrean, Inmaculada Mujikak Emakume lesbianen ikusgaitasuna eta parte-hartzea Euskadin hitzaldia emango du.

Ekainak 27, ostirala.

  • 22:00etan, Azpeitiko udaletxe azpian, zinema emanaldia: Mujer contra mujer.
  • 22:00etan Azkoitiko Baztartxo aretoan, zinema emanaldia: Desayuno en Pluton.

Ekainak 28, larunbata. 13:00etan, Loiolan, elkarretaratzea eta luntxa. 21:30ean, Matadeixen, Mala noche.