Etxebeltz-Izarrako 54 BOEtako baldintzak onartu ditu Udalbatzak

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 19a, 12:06

Gizartea Erroldatuta egon beharreko epea aldatu egin dute, eta guraso bakarreko familiei ere hiru zenbaki ematea erabaki dute

BOEko etxebizitzen hurrengo zozketa udazken aldean izango dela aurreikusten dute Udalekoek

Herenegun ezohiko udalbatzarra izan zen. Bertan, Etxebeltz-Izarran zozkatzeko falta diren 54 Babes Ofizialeko Etxebizitzetako (BOE) baldintzak onartu zituen Udalbatzak. Lehen zozkatutako Etxebeltz-Izarrako 154 Babes Ofizialeko Etxebizitzen baldintzekin alderatuz, oraingoetan bi aldaketa daude: erroldatutako epeari eta guraso bakarreko familei dagozkienak.

Iñaki Errazkin alkateak azaldu zituen baldintzen aldaketak. Erroldari dagokionez, oraingoan, bi aukera daude, eta bietako bat bete behar da zozketan parte hartzeko: 2008ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik, gutxienez sei urtetan Azpeitian erroldatuta egon behar da; bestela, 2008ko urtarrilaren 1etik atzera bi urtez segidan herrian erroldatuta egon behar da. Bigarren baldintza hori orain gehitu dute.

Zozketan parte hartzeko zenbakiak banatzeko orduan, berriz, guraso bakarreko familiei zozketarako hiru zenbaki ematea erabaki dute, «bi gurasoko seme-alabadun familei bezainbeste». Errazkinen arabera, "seme-alabak dituen bikote bati bezalako aukera emateagatik gehitu dugu".

"Kanpotik" etorritakoez

EAJkoak neurri honekin bat etorri ziren, ez ordea erroldako baldintzako aldaketarekin. "Azpeitiarrek urte askoan ez dute Babes Ofizialeko Etxebizitza bat eskuratzeko aukerarik izan, eta aukera gehien horiek izan behar dute, hainbeste urtetan zain egon direlako2, azaldu zuen Julian Eizmendi EAJko zinegotziak. Izan ere, azken bi urteetan erroldatuta egotea eskatuz gero, Azpeitira bizitzera etorritako kanpotar gehiagori aukera irekitzen zaie.

EAJ udal taldearen iritziz, "erroldaren baldintza lehen bezala utzita, kanpotik herrira etorritako 76 lagunek izango lukete zozketan parte hartzeko aukera, baina baldintza berri hori gehituta kopuru hori 285 lagunera igotzen da; lau aldiz gehiago. Gure ustez, lehengo baldintza hori bakarrik mantendu beharko litzateke erroldari dagokionez eta hurrengo eskaintzetan baldintzak zabaltzen joan gintezke", diote.

Alkatea ez zen bat etorri EAJkoek emandako arrazoiekin, "Azpeitian bizi eta lan egiten badute, herritarrek bezalakoxe eskubideak izan behar dituzte. Kopurua igotzen bada, gaur egungo errealitatea hori delako da".

Aralarreko Juan Karlos Arellano zinegotziaren ustez, kanpotik etorritako askok erroldako baldintzak betetzeko baino baldintza ekonomikoak betetzeko zailtasun gehiago izango dituzte. Gainera, herrian dagoen etxebizitzaren arazoa, "urteetan ezer gutxi egin delako" sortu da.

BOEko etxebizitzen hurrengo zozketa udazken aldean izango dela aurreikusten dute Udalekoek, "baldintzak Eusko Jaurlaritzan hiru bat hilabete pasatuko dituztelako".

Izena emateko epea zabalik

Aurreko zozketarako izena emandakoek hurrengo zozketako zerrendan jarraituko dute. Baina orain, 2006ko diru sarreren baitan sartuko dira zozketan. Izena eman nahi dutenek, uztailaren 24a baino lehen egin dute Azpeitia Lantzenen egoitzan edota Etxebiderenean.