Asteburu Musikalen baitako azken kontzertuak, Perez Arregin estreinakoz

Uztarria.eus 2008ko eka. 12a, 14:06
Perez Arregi plazan gaur, osteguna, aritu dira eszenatokia muntatzen.

Jo eta Dando Amor musika taldeek kontzertu bana eskainiko dute igandean

.19:00etan hasiko da emanaldia

Asteburu Musikalen baitako azken kontzertuak izango dira igandean Azpeitian. Aurten, lehen aldiz, Perez Arregi plazan izango dira musika emanaldiak. Jo eta Dando Amor musika taldeek kontzertu bana eskainiko dute.

Jo taldea Azpeitiko eta Azkoitiko lagun talde batek sortutako taldea da. Iaz kaleratu zuten beraien lehen diska: Oraindik berandu den! . Ruben Lizarraldek (kitarra), Abel Moe Alberdik (baxua), Jon Nartzabal Zubizarretak (bateria) eta Mikel Alberdik (ahotsa) osatzen dute taldea.

Dando Amor proiektua, berriz, bakarlari baten lana da. Carlos Desastre musikaria Malagakoa da izatez baina Azkoitian bizi izana da. 713avo amor, 90. hamarkadako talde mitikoan ibilia da eta baita 'Despues de nunca'-n ere. Aitor Bengoetxea emanaldiaren antolatzaileak azaldu duenez, "karga sozial handiko letrak" egiten ditu.

Asteburu musikalen baitan, Triku musika elkarteak antolatu du jaialdia. Bengoetxeak esandakoaren arabera, kontzertuak eskaintzeko "beste formatu bat" aukeratu nahi izan dute eta horregatik jo dute Perez Arregi plazara, "beste giro bat sortzeko asmoarekin".

Igandean, 19:00etan hasiko da emanaldia.