Alkatearen parte-hartzearekin egin dute etxebizitzaren inguruko mahai-ingurua

Uztarria.eus 2008ko eka. 5a, 14:06
Bageran egin zuten mahai-ingurua, alkatearen parte-hartzearekin.

Gazte Asanbladak antolatutako ekimenera Udaleko ordezkari bakarra azaldu zen: Iñaki Errazkin alkatea

Agertu ez zirenei, "beraientzako proposamenik edo alternatibarik ez al duten" galdetu diete gazteek

Udaleko ordezkari bakarraren parte-hartzearekin burutu zuten atzo, asteazkena, Gazte Astearen baitako etxebizitzaren inguruko mahai-ingurua, Bageran. Gazte Asanbladak antolatutako mahai-ingururako gonbidapena udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiei bidali zieten aurrez eskutitz bidez. Atzo, ordea, ordezkari bakarra azaldu zen: Iñaki Errazkin alkatea.

"Etxebizitza arazo bilakatzeko eman diren urratsen inguruko hausnarketa" egitetik abiatu zen mahai-ingurua. Errazkinek etxebizitza "eskubide bezala inoiz ez dugu ezagutu" esanez hasi zuen bere solasaldia. Egungo egoeraren sorburu nagusi gisa, 90. hamarkadako krisiaren ondorengo interesen jaitsiera jarri zuen alkateak: "Krisi horren ondorioz, interesak asko jaitsi ziren eta dirua bankuan irabazirik gabe egon gabe, jendea etxebizitzan inbertitzen hasi zen. Hortik etorri zen etxebizitzaren gaineko espekulazioa".

Arazoaren aurrean, alternatibak

Egoera horren aurrean euren alderdiak zein alternatiba edo soluziobide ikusten duen azaltzeko eskatu zioten gazteek alkateari. "Epe motzera begirako alternatiba bakar bat ez" dagoela azaldu zuen Errazkinek, "baina bai ikusten dugula arazoa nondik bideratu beharko litzatekeen: etxebizitza eskubide bat bezala ikusten dugu erabiltzeko, batez ere; ez hainbeste jabetza izateko. Hori dela eta, alokairuaren aldeko apustua egiten dugu". Horren aurrean, euren lana "bizi eredu desberdin horiek posible direla" erakustea dela esan du eta horretarako "eskaintza dibertsifikatzea ere beharrezkoa" dela: "Orain arte tipologia bakarreko eskaintza egin izan da instituzioetatik baina denok ez gara egoera berdinean aurkitzen".

"Tipologia ezberdineko behar horiek identifikatzeko" herrian "diagnostiko formal" bat egingo dutela jakinarazi zuen Errazkinek. "Bizpahiru hilabeteko lana izango da. Iraila-urria aldera ekingo diogu eta inkesten bidez-eta jasoko dugu informazioa".

Etxe hutsak, "legearen babesean"

Etxebizitza hutsen inguruko eztabaida mahai gaineratu zuten gero. Errazkinen hitzetan, "legeak asko mimatzen du jabetza pribatua eta, beraz, aukera gutxi dago hutsik dauden etxe horietan eragiteko". Hala ere, saiakerak egingo dituztela jakinarazi zuen etxe horiek erabilgarri bilakatzeko: "Neurri batzuk hartu daitezke Udaletik: bigarren etxebizitza izateagatik tasa gehiago ordaindu beharra, adibidez. Eta aldi berean, jendea bigarren eskuko etxebizitzak alokatzera animatuta". Gazteek, "hori egitea arazoari partxea jartzea" dela kritikatu zuten: "Azkenean, bi etxebizitzaren jabe denak tasa horiek ordaindu egingo ditu, lehen ere dirua baduelako. Eta arazoak bere horretan segituko du".

Okupazioa, etxebizitzaren problematikaren aurrean, "zilegia"

Okupazioaren gaiaz hausnartu zuten bukaeran, gazteek hala eskatuta. Errazkinek, "etxebizitzaren behar eta problematika horren aurrean, zilegia" ikusten du okupazioaren aldeko hautua. "Badakigu legez ez dagoela onartua, baina eskubide bat jabetza pribatuarekin parez pare jarrita dagoen honetan, guk eskubidearen alde egiten dugu".

Azaldu ez zirenei kritika

Agertu ez ziren alderdiei kritika egin diete gazteek eta galdetu, "ea beraientzako proposamen edo alternatibarik ez al duten". Bestetik, "ontzat" baloratu dute alkateak atzo agertu zuen jarrera. Hala ere, "hitzetatik haratago egitea da garrantzitsuena", zioten.