Gazte Asteari plazan ekin diote hainbat gaztek, "etxebizitza eskubidearen alde"

Uztarria.eus 2008ko eka. 3a, 13:06
Atzo, astelehena, kioskoa etxe baten antzera apaindu zuten, "etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko".

Aste osoan zehar, kioskoaren okupazio sinbolikoa egingo dute; "gazteek etxebizitza duin bat izateko eskubidea" dutela aldarrikatzeko

Asteazkenean, etxebizitza gai hartuta, alderdi politikoekin mahai-ingurua egin asmo dute

Atzo, astelehena, abiatu zen aurtengo Gazte Astea. Astelehenetik larunbatera bitarte, ekimen ugari antolatuta dituzte gazte asanbladakoek dagoeneko. Atzo, esaterako, plazan ekin zioten hainbat gaztek asteari. Gazteok etxebizitza duin baten alde borrokan! lelopean, kioskoaren "okupazio sinbolikoa" egin dute. Kioskoa etxe baten antzera apaindu dute eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, ostiralera arte kioskoan egoteko asmoa agertu dute; "gazteek etxebizitza duin bat izateko eskubidea" dutela aldarrikatzeko.

Plazako ekimenaz gain, urtero bezala, aurten ere ez dute hutsik egingo futbito partidek. Gaur, asteartea, hasiko dira txapelketako kopako final erdiak. Betharramistetan izango dira, 19:00etan hasita. Ligako final erdiak ostegunean jokatuko dituzte, ordu eta leku berdinean.

Etxebizitza gai hartuta, alderdi politikoekin mahai-ingurua

Asteazkenerako gordeta dute gazteek Gazte Asteko ekimenik "esanguratsuenetako bat". Etxebizitzaren gaia hizpide hartuta, alderdi politikoekin mahai-ingurua osatu asmo dute. Bageran izango da mahai-ingurua eta 19:00etan hasiko da.

Azpeitiko Udala osatzen duten alderdi politiko guztiei eskutitzak igorri dizkiete gazte asanbladakoek mahai-inguruan parte-hartzeko gonbita luzatuz. Gonbidapen gutunean, solasaldian jorratuko diren gaien ordena eta prozedura zehaztu dituzte.

Gazteen arabera, "etxebizitza gaiaren konplexutasuna dela eta, alderdi politiko guztien parte-hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu, etorkizunerako proiektu eta planteamenduak herritarroi jakinaraztera emanez". Baita ere, "arazo honek atzetik dituen erantzuleetariko bat bezala jotzen zaituztegun unetik, zuen planteamendu nahiz iritzi ezberdinak jorratu nahi genituzke mahai inguru honetan, arazoari aurre egin edota alternatiba ezberdinak sortzeko", adierazi diete alderdietako kideei eskutitzaren bitartez.

Futbitoko finalak eta ostiral eta larunbatean afaria

Astea ez da hor bukatuko, ordea. Ostiralean afaria egingo dute plazan, 20:30ean, eta horren ondoren, burrunbada izango da herriko kaleetan zehar.

Larunbata izango da Gazte Asteari azkeneko eguna. Hainbat urtetan egin izan den bezala, futbito txapelketako finalak jokatuko dituzte herriko koadrila ezberdinek plazan. 16:00etan hasiko dira finalak, eta Kopakoa zein Ligakoa jokatuko dituzte. Partidak bukatu ondoren, triki poteoa egingo dute eta 21:00etan izango da afaria, berdura plazan.