Lehen bileretan, Hirugarren Adineko mahaiak "hutsuneak" zehaztu ditu

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 3a, 12:06
Atzo, astelehena, Bagerakoek mugikorrak ibiltzen ikasteko antolatutuako ikastaroa.

Azarotik martxan, lanean ari da mahaia eta bertan hirugarren adinekoen inguruko hainbat herritar biltzen da

Juan Karlos Arellano Udaleko gizartekintzako batzordeburuaren iritziz, mahaia dagoeneko osatuta dago, eta orain mahai horrek "edukiz jantzi behar du

Hirugarren Adinekoen mahaia azaroan jarri zuen martxan Udaleko Gizarte Zerbitzuak sailak, herritarren lan talde bat osatuta. "Hutsuneak zehazteko diagnosi txiki bat egin eta lehentasunak zehazten" hasi ziren han bildutakoak, Gizarte Zerbitzuetako batzordeburu Juan Karlos Arellanok (Aralar) dioenez. Horren emaitza izan da Eguneko Zentroa gaur egungo tokitik Damaso Azkue auzora aldatzeko Udalak hartutako erabakia. "Bilkuretan parte hartu dugunok Eguneko Zentroari irtenbidea eman behar zitzaiola uste genuen. Lehentasunen artean jarrita geneukan", dio.

Norbanakoek osatuta

Hirugarren Adinekoen mahaia herrian sortu diren beste mahaiekin (kirola eta kultura, esaterako) ezin dela alderatu uste du Arellanok, norbanakoek osatutakoa delako: "Gure kasuan mahai bezala ez ginen antolatu. Bagerakoak dinamika bati ekiteko prest zeuden, eta hirugarren adinekoekin lanean ari ziren pertsonengana jo genuen. Hala, orain arteko bileretan hainbat lagunek hartu dugu parte: Bagerakoek, erretoreak, San Martin egoitzako kudeatzaileak, Bernaraz medikuak, Eguneko Zentroko langile batek, etxez etxeko laguntzako langile batek, Eguneko Zentrora joaten den baten senideak...".

Aurren-aurrena beharren eta gabezien inguruko azterketa "txiki" bat egin, eta "lehentasunak zehaztu" zituzten taldekideek. "Lehentasun bezala, Eguneko Zentroaren egoerari irtenbidea eman behar zitzaiola jarri genuen", kontatu du Arellanok. "Lehen puntu bezala jarri genuen hori eta ondorioak izan ditu: zentroa Damaso Azkue auzora aldatuko dute, toki berri batera. Hala ere, jabetuta gaude hori behin-behineko irtenbidea izango dela".

Hiru bilera egin dituzte eta duela bi aste herritarrentzako bilera zabal bat deitu zuten. "Orain arte egindakoaz herritarrei informazioa zuzenean pasatzea zen bileraren asmoa. Jendeak izan ditzakeen kezkak azaleratzeko ere balio izan zuen".

Egoitzaz galdera gehien

Dena den, Arellanoren ustez, "jendea aurreikuspen batzuekin etorri zen azken bilerara eta ez zuen aditu entzun nahi zuena". Batzordeburuak dioenez, bilerara joandako batzuek adinekoen egoitzaren inguruan informazioa jaso nahi zuten: "Egoitzaz hainbat gauza entzun nahi zuten. Baina dagoena dago, eta hortik aurrera ezin da ezer esan, ezertxo ere ez dagoelako lotuta. Nik ez dut gogoko aurreikuspen faltsuen gainean hitz egitea. Egoitza handitu egin da eta jende gehiago sartu da. Irailean, berriz, mojak joan egingo dira eta solairu bat hutsik geldituko da. Baina solairu horretan, gehienez, beste hamar pertsona sartzeko tokia egongo da. Hortik aurrera, ezin da ezer esan, lotu gabe dagoelako".

Beste deialdi bat egitekotan

Hurrena beste bilera bat deitzekotan gelditu da Arellano; "aurreko bileran horretan gelditu ginen". Udal batzordeburuaren iritziz, mahaia dagoeneko osatuta dago, eta orain mahai horrek "edukiz jantzi behar du, zein pauso eta nola eman erabakita". Talde "eraginkor" bat egiten saiatu behar dutela dio, "jendeak bileretan parte hartuz eta bakoitzak bere ekarpenak eginez".

Etorkinei buruzko txostena aztertzen

Udaleko Gizarte Zerbitzuen Saila "buru asko dituen saila" dela dio Juan Karlos Arellano (Aralar) batzordeburuak. Besteak beste, Udalak etorkinei buruzko txosten bat egin du, eta orain Udaleko Gizarte Zerbitzuetakoak horren emaitzak aztertzen ari dira. Txostenak "datu esanguratsuak" jasotzen dituela dio Arellanok: "Horrek gero zein bide jarraitu jakiteko balioko digu". Kanpotik Azpeitira datozenek informazio bila nora jo badakitela dio: "Leiho hori nahiko erraz topatzen dute. Jendeak badaki nora joan eta hori garrantzitsua da".

Txostenaren emaitzak azterketa bukatzen dutenean argitaratuko dituztela dio Arellanok, baina bat aurreratu du: "Txostenean ondo adierazita dago etorkinak nondik datozen eta herrian non kokatuta dauden. Bertan garbi ikusten da herrian zehar ondo sakabanatuta daudela, eta ez dagoela ghetto-rik". Hala ere, etorkinei buruzko txostenean "legez dauden" etorkinak bakarrik azaltzen dira: "Garbi daukagu beste batzuk ere egon daitezkeela hemen bizitzen, baina zenbat diren ezin dugu jakin".