Lapatx handitzea aztertzen ari direla prentsaren bidez jakin duela salatu du Udalak

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 17a, 12:05

Berez, Europako legearen arabera, Lapatx eta Urteta zabortegiak datorren urtean itxi beharko lirateke

Errauste planta 2013an irekiko dutela aurreikusten dute, eta ordura arte Gipuzkoako zaborrak jasotzen jarraitu beharko lukete Lapatxek

Azpeitiko alkate IƱaki Errazkinek salatu duenez, Lapatx zabortegia handitzea aztertzen ari direla prentsa bidez jakin dute Azpeitiko Udalean: "Kontu horren inguruan Azpeitiko Udalak ez du ofizialki ezer jaso. Dakiguna prentsa bidez jakin dugu".

Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok maiatzaren 8an jakinarazi zuen, Urteta eta Lapatx zabortegiak handitzeko aukera aztertzen hastekotan direla. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari Carlos Ormazabalek, berriz, maiatzaren 9an El Diario Vasco egunkariari emandako elkarrizketa batean hori baieztatzen zuen: "Zabortegiek zenbat metro kubiko gehiago hartu ditzaketen aztertzen ari gara".

Berez, Europako legearen arabera, Azpeitiko Lapatx eta Zarauzko Urteta zabortegien bizitza datorren urtean bukatuko litzateke eta itxi egin beharko lituzkete. Baina, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren bidez, Urola Kosta eta Urola Erdiko udal elkarteek sortzeko asmoa duten errauste planta datorren urterako eraiki gabe egongo litzateke, eta sortzen den zaborra nonbait pilatu beharko dute. Donostian errauste planta 2013an irekiko dutela aurreikusten dute, eta ordura arte Gipuzkoako zaborrak jasotzen jarraitu beharko lukete Urtetak eta Lapatxek.

"Lapatx zabortegiaren bizitza luzatzeko asmo horretaz guk ez dakigu ezer; udaletxean gai horretaz ez da bilera bakar bat ere egin", salatu du Azpeitiko alkateak. "Arazo larria" dela uste dute Udaleko arduradunek: "Lapatx Azpeitian egonda, uste dugu horretaz Azpeitiko Udalean hitz egin beharko litzatekela. Eta kontuan izan behar da Lapatxen bizi iraupena 2009 artekoa dela esanaz akordio bat sinatuta dagoela".

San Markoskoa jasotzen

Lapatx eta Urteta zabortegiak, euren Mankomunitateetako zaborra jasotzeaz gain, San Markos zabortegiko (Errenteria) zaborrak jasotzen ari dira martxotik. Bi horiek eta Sasietak (Beasain), urtean 105.000 tona zabor jasotzen dute Donostialdeko zabortegitik, baina dirudienez, kopuru hori ez da nahikoa, hori baino zabor gehiago sortzen baitute. Horregatik, "dauden zabortegiak handitzea aztertuko dute". Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunaren arabera, erabaki guztiak hartzeko daude.

Konposta egiteko planta

Orain, Lapatx zabortegian konposta egiteko planta egiten ari dira. Aurreikuspenen arabera, ekainaren bukaeran jarriko dute martxan. Gipuzkoako Foru Aldundiak instalazioen azpiegiturak eraikitzeko 2.100.000 euroko inbertsioa aurreikusi zuen. Bertan 4.000 tona hondakin tratatzea espero dute.