Errazkin: "Gatazkaren korapilo nagusiak daude guk adostutako mozioan"

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 10a, 15:05
Iñaki Errazkin Azpeitiko alkatea, atzo (ostirala), bere bulegoan, Ino Galparsororen kartela aurrean duela.

Udalbatzarraren biharamunean "nekea" antzematen dela, baina "lanerako indarberrituta" daudela dio alkateak

"Horrelako ekinbideek herriari eta herritarrei ez diete mesederik egiten"

EAE-ANV alderditik aurkeztu zen Iñaki Errazkin (Azpeitia, 1975) Azpeitiko alkateak "atzokoa (ostegunekoa) egun intentsoa" izan zela dio, eta ez herenegungoa bakarrik, "aste intentsoa" izan baita. Horrek "nekea" uzten duela dio, baina "jende askoren babesa" jaso dutela eta "babesak indarberrituta utzi gaitu aurrera jarraitzeko eta lanean segitzeko". Atzo (ostirala) jardun zuen Urola Kosta Hitza-rekin.

Beste hainbat herritan bezala EAJren mozioa atzera bota zen herenegun udalbatzarrean, ezker abertzalearen, EAren eta Aralarreko botoei esker. Baina beste herrietan ez bezala, Udal Gobernuak (EAE-ANV, EA eta Aralar) beste mozio bat adostu zuen. Hori Udal Gobernua osasuntsu dagoen seinale al da?

Udal Gobernuan gaudenok beste hainbat alditan ere adostu ditugu testuak. Adostasun horretan, gatazkaren korapilo nagusiak agertzen dira. Hor azaltzen direnak, konponbide batetara iritsi ahal izateko denontzat baliagarriak izan daitezke. Alegia, konstruktiboki planteatzen den eskema baten baitan egina dago mozio hori. Gure ustez, bide horretan, hori da behin eta berriro mahai gainean jarri behar duguna, kontuan hartuta hemen era guztietako erasoak bizi ditugula. Baina inportanteena oinarrietara joatea da, konponbiderako giltza hori non dagoen behin eta berriro mahai gainean jarriz. Adostutako eta Udalbatzak onartutako puntuetan hori agertzen dela, eta horretarako ahalmena izatea modu positiboan baloratu behar da.

EAJk parte hartzen du Udal Gobernu Batzordean, baina Azpeitiko Udalean EAJk aurkeztu du zuen kontrako mozioa. Horrek eguneroko martxan eragina izango al du horrek?

Ikusi egin beharko dugu, baina noski eragina baduela. Kontuan hartu behar da mozioen atzetik zer dagoen, eta zer den adostu dutena; hori mahai gainean jartzea garrantzitsua da. Hau, EAJk PSOErekin hitzartu duen bide horretan, lehenengo urratsa besterik ez da. Gainera, Estatuaren aldetik beste ekinbide batzuekin lotuta dago, Arrasaten gertatu den bezala. Azken batean, ezker abertzalearen ordezkaritza eremu guztietatik kanpo utzi nahi dute eta, gainera, kriminalizatuz. Alegia, "nik pentsatu edo uste dudana esaten ez baduzu jokotik kanpo zaude", diote. EAJ egun batean prest dago gu hemendik kanpo uzteko, PSOEk diseinatu duen estrategi errepresibo horren partaide edo bidelagun izanik. Gero, ordea, organo ejekutibo bat den Gobernu Batzordean daude gurekin. Zer zentzu dauka horrek gu horren inmoralak baldin bagara herria gobernatzeko? Hori da guk mahai gainean jarri nahi dieguna EAJkoei. Eskema horretan jarrita, haiek dira hori argitu behar dutenak. Nire ustez, horri erantzun beharko liokete.

Herritar asko etorri zen udalbatzarrera eta batzuk parte hartu zuten, EAJri zuzenduaz. Herritarrek kezka azaldu dute gai honen inguruan.

Bai, kalean ere jende asko etorri zaigu zer gertatuko den eta zein ondorio dituen galdezka. Era guztietako iritziak daudela garbi daukat, baina iruditzen zait horrelako ekinbideek herriari eta herritarrei ez dietela inolako ekarpenik egiten. Bakoitzak, bere dinamika politikoa eta oposizioa egiteko legitimitate osoa du, baina bizitzen ari garen estrategia politiko horretan, horrelako ekinbideek herritarrak aztoratzen dituzte. Atzokoa (herenegungoa) bezalakoek eta azken egunetan gertatutakoek zer ondorio izan ditzaketen kezkatzen ditu herritarrak.

Herenegun udalbatzarrean ez zenuten EAE-ANVko hautetsi moduan jardu. Alderiaren jarduerak eteteak zein ondorio ditu egunerko zuen lanean?

Gure heriotza zibil eta politikoa planteatzen ari zaizkigu. Pertsonalki aritu edota aurkeztu behar izateak egoera surrealista bat eragiten du. Azkenean, praktikan gure heriotza zibil eta politikoa planteatzen zaigu; herritarrek aukeratu gaituzte eta ezin dugu ekinbide politikoa talde politiko bezala egin. Orduan, galdera da: egoera horretan jarraitu genezake eta noraino iritsi gintezke? Guk garbi daukagu lan horretan jarraituko dugula, eta gertatzen dena gertatzen dela, ezker abertzaleak bere proiektu politikoarekin aurrera jarraituko duela. Azken finean, ezker abertzalea egiten ari den proposamenak eta proiektua kanpoan utzi nahi dituzte. Akordio politikora begira ez dute nahi ezker abertzalea hor egoterik. Guk lan politikoa egiteko medio, altaboz eta aukera guztiak ezabatu nahi dituzte eta, zoritxarrez, memento honetan EAJk horretan bat egin du PSOErekin. Hori da mahai gainean jarri behar dena.

Ino Galparsoro Arrasateko alkatea kartzeleratu egin dute. Herenegun zenion horixe pasatzea dagoela zuri edota beste zinegotziren bati...

Hori argi eta garbi hala da. Gure heriotza zibil eta politikoa planteatzen dute, eta horren aurrean norbait lan politikoa egitera, zerbait esatera edo agertzera ausartzen da, zalantzarik gabe arriskuan dago. Ezker abertzalearen aurka adostuta daukate, politikoki, judizialki eta polizialki aurre egitea, eta kargu politikoa eta publikoa garen heinean, arrisku hori dagoela badakigu. Egoera horren aurrean mezu bat helarazi nahiko nieke azpeitiarrei: arrisku hori izan arren —noski kezkatzen gaituela zer gertatu daitekeen— gure lana egiten jarraituko dugu; hartutako konpromisoak aurrera eramaten segituko dugu, gertatzen dena gertatu. Gu eramaten baldin bagaituzte ere, ezker abertzaleak bere lana egiten jarraitu egingo du.

Egoera horrela egoteak, herri mailako politika edota Udaleko politika egiterako orduan eragina izango du, ezta?

Noski, hori argi dago. Dena dela, hori hor egonda ere, guk egunerokotasunean herria eraikitzeko lanean jarraituko dugu. Nahiz eta ez dakigun bihar zer gertatu daitekeen, kartzelara joan gaitezkeen... Egoera horretan zaila da herria eta Udala aurrera eramatea, baina garbi daukagu lanean jarraitu behar dugula: agertoki demokratikoaz hitz egien badugu ere, era berean espaloietaz, eguneko zentroaz... jarraituko dugu hitz egiten eta lanean; ahal dugun neurrian eta ahalegin guztiak eginez.

Eta hemendik aurrera zer? Nola ikusten duzu kontua?

Hau ez da atzoko (herenegungo) kontuan gelditzen, nik uste dut estrategia horrekin jarraitu egingo dutela, ez dakigu zer bidetatik: zentsura mozioetatik, judizialetatik edo ekinbide polizialetatik... Baina gure aurka jarraituko dute, baita herrietan ere. Azpeitian herritarren babesa hor dago; lana egiten jarraitzeko konpromisoa eta borondatea ikusten ditugu, eta zentzu horretan lasai gaude. Gure kontra jotzen badute ere, lan hori egiteko nahiko oinarri badagoela ikusten dugu.Guri egunerokotasunean indarra ematen diguna hori da, eta Azpeitia ikuspegi aurrerakoi eta abertzale batetik eraikitzen jarraituko dugu Udal Gobernuko kideok.