Jose Luis Frantzesenari omenaldi jendetsua

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 8a, 11:04
Goiko argazkian, omenaldiko une bat. Bigarrenean, Frantzesena emaztearekin eta bilobarekin. Beheko argazkian, Juan Antxieta Musika Eskola eta Julian Barrenetxea abesbatza omenaldiko une batean.

Herriko hainbat musika eta dantza taldek hartu zuten parte omenaldian

Mikel Ibarzabalen arabera, "jende asko izan zen pilotalekuan eta gustura gelditu ziren ekitaldiarekin"

Jose Luis Frantzesena musikari eta konpositorea omendu zuten larunbat arratsaldean, Izarraitz pilotalekuan. Udal Musika Bandak, Julian Barrenetxea eta Parrokiko abesbatzak, Juan Antxieta Musika Eskolak, Dantza Sueltoko Eskolak, Itsasi Dantza Taldeak, Eltziegoko dultzaineroak, Izarraitz Txistulari Elkarteak eta Azpeitiko Argazki Elkarteak hartu zuten parte omenaldian.

Herritarrek ere ez zuten hutsik egin Mikel Ibarzabal Udaleko Festa batzordeburuak azaldu duenez: "Jende asko izan zen pilotalekuan eta gustura gelditu ziren ekitaldiarekin. Herritarrei gustatu egin zitzaien eta han izandakoek hala esan digute guri".

Omenaldi ondorengo festa

Omenaldiko jaialdia bukatu ondoren, Kiruri jatetxean afaria izan zuten. Afaltzera 224 lagun joan ziren. Ibarzabaletan esanetan "giro ederra" izan zen afarian. Afaldu ondoren trikitilariekin dantzaldia izan zen eta festa goizaldeko hirurak arte luzatu zen.

Frantzesenari buruz

Ikusi Frantzesenari Urola Kostako Hitza egunkarian aurreko astean argitaratutako elkarrizketa. Uztarria herri aldizkariko 2007ko abuztuan eman genuen Frantzesenaren erretiroaren berri.