Udal Gobernuak "indarkeria guztiak desagertzeko" nahia azaldu du

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 5a, 12:04

ETAk Isaias Carrascoren kontra egindako atentatua gaitzetsiz mozioa aurkeztu du EAJk Udalean

Udal Gobernuak kontramozioa aurkeztu zuen "indarkeri guztiak desagertzea ahalbideratuko duen eszenatoki demokratikoa eraikitzeko nahia eta konpromisoa" azalduz

Herenegun egindako ohiko udalbatzarrean eztabaida gehien sortu zuen gaia, ETAk Arrasaten Isaias Carrascoren aurka egindako atentatuaren inguruan EAJk aurkeztutako mozioa izan zen. EAJk, atentatua gaitzetsiz Eudelek egindako testua aurkeztu zuen, eta Udal Gobernuak (EAE, EA eta Aralarrek) kontramozioa, "indarkeri guztiak desagertzea ahalbideratuko duen eszenatoki demokratikoa eraikitzeko nahia eta konpromisoa" adieraziz.

Eztabaidaren ondoren biak bozkatu zituzten. EAJk aurkeztutakoaren alde EAJko zinegotziek soilik egin zuten; Aralarrekoa eta EAkoak abstenitu egin ziren eta EAEk kontra bozkatu zuen. Udal Gobernuak aurkeztutakoaren alde EAEk, EAk eta Aralarrek egin zuten eta EAJkoek aurka.

EAJk aurkeztutako mozioak atentatua gaitzetsiz lau puntu zituen. Besteak beste, "edozein herritarren kontra atentatua egiten duenak, euskal gizartearen kontrako atentatua" egiten duela zioen. Baita ere "demokrazian, gure gizartea anitza dela onartzen dutenak baino ez direla onartuko", eta "ETA soberan" dagoela .

Udal Gobernuaren idatzia

Udal Gobernuak udalbatzarrean egindako idatziak sei puntu zituen. Bertan, Arrasateko "gertaeren harira samina eta tristura" azaldu dute eta Isaias Carrascoren senideei "elkartasuna eta babesa" adierazi. Baita "gatazka kaleetatik atera eta modu elkarrizketatuan garatzeko eta bultzatzeko" deia egin ere: "Gatazka politikoari konponbidea bilatzeko ezinbestekoa da alde guztien arteko elkarrizketa". Era berean, "horrelakorik gehiago gerta ez dadin eta bake justu eta iraunkor baten bila lanean" jarraituko dutela adierazi dute.