Etxebeltzen egindako akordioari esker 730 mila euro aurreztuko ditu Udalak

Urola Kostako Hitza 2008ko mar. 11a, 19:03
Etxebeltz-Izarrako etxebizitzen kanpoko itxura.

Iñaki Errazkin alkatearen esanetan, etxebizitzen zozketa jarri aurretik baldintzak eta proiektuak zehaztu dituzte

Etxebeltz-Izarrako lehen txandako 154 babes ofizialeko etxebizitzen zozketa apirilaren 4an izango da, 18:00etan, kiroldegian.

Etxebeltz-Izarrako lur jabeekin akordioa egin eta gero babes ofizialeko etxebizitzen zozketa eguna apirilaren 4an jarri du Udalak. Lortutako akordioari esker, Udalaren inbertsioetarako 730.230 euro (115,5 milioi pezeta) aurreztu dituzte.

Aurreko legealdian Udalak hitzarmena egin zuen lurjabeekin eta horren arabera, besteak beste, hobekuntzetarako 937.579 euro jartzea aurreikusten zen. Alkatearen esanetan, etxebizitzen zozketa egin aurretik baldintzak eta proiektuak zehaztu dituzte.

Agintea hartu zutenetik gaur arte Etxebeltz-Izarrako kontuan zer egin duten argitzeko prentsaurrea eman dute Iñaki Errazkin (EAE) alkateak eta Xanet Esnaola (EAE) alkateordeak. Han azaldu dutenez, "etxebizitzen etxaurreetan hobekuntzak egingo dira: zati batzuetan adreilua jarriko dute eta beste batzuk margotu egingo dituzte. Horren kostuaren erdia lur jabeek ordainduko dute eta beste erdia Udalak. Udalak, hitzarmenak azaltzen zuen %10eko aprobetxamendutik 207.349 euro bideratuko ditu etxaurreetara eta gainontzekoa Udalaren beste inbertsioetarako erabiliko da. Guk helburu bat garbi genuen, hobekuntzarako erabili beharreko dirua (herritar guztien dirua) ahalik eta gutxien eta hobekien erabiltzea".

Udalean agintea hartu zutenean Etxebeltz-Izarrako proiektuan "aurrekari" batzuekin aurkitu zirela esan dute. "Hitzarmenean hobekuntzetarako partida bat azaltzen zen. Arraroa da hori Udalak egitea eta horrelako aurrekaririk ez dago. Hobekuntzak zertan oinarrituko ziren ere zehaztu gabe zegoen, etxaurreen hobekuntza aipatu zen, baina besterik gabe. Hori dena adostu gabe zegoen eta obra lizentziak emanda zeuden". Udaleko gaur egungo arduradunen ustez "logikoagoa" da, obra egiteko lizentziak "dena adostuta" dagoenean ematea. Alkatearen esanetan, "aurreko legealdian aipatutako epeak guztiz elektoralistak ziren".

Prozedura eta kudeaketa

.2007 otsaila-martxoa. Etxebeltz-Izarrako Zatikako Plana onartu zuten Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. 320 etxebizitza egitea onartu zen: 208 babes ofizialekoak eta 112 merkatu librekoak.

Lur jabeekin hitzarmena

Etxebeltz-Izarrako lur jabeekin hitzarmena egin zuen Udalak.

  • Etxebizitzen eraikuntza eta urbanizazio konstuen baldintzak "adostu" zituzten.
  • Udalak aprobetxamenduaren inguruan jaso beharreko %10a baloratu zen: Udalak babestutako etxe kopurutik 40 etxebizitzen lur zatia eta 450 metro koadroko lokal bat jasoko ditu. Horretaz gainera, diru bat jarriko zuten: 1.250.105 euro. Hortik 937.579 euro (150 milioi pezeta) arte etxeetan hobekuntzak egiteko.

Oinarrizko proiektua egin zuten

Iñaki Errazkin alkatearen esanetan, "Eusko Jaurlaritzak babestutako etxeen kalifikazioa onartzeko eta zozketa lehenbailehen egiteko, Udal hauteskundeak gainean zeudelako". Zozketa "aurreratzeko" bi zatitan egitea erabaki zuten, lehen txandan 2005eko errentak kontutan hartuta eta bigarrengo zozketan 2006ko errenten arabera.

Udal hauteskundeak eta gero

EAJren ordez EAE-ANVk hartu zuen alkatetza. "Aurrekari horiekin egoera berezi batean geunden", azaldu du Errazkinek. Udal hauteskundeetatik (2007ko maiatzetik) gaur egunera jorratutako bidea.

Baldintza eta proiektuak

"Zozketa egin aurretik etxeen baldintzak eta proiektuak zehaztu nahi izan ditugu. Zozketa egindakoan etxeak esleitu edo eman behar direlako. Jendeak jakin egin behar du zer tokatu zaion edota zer duen aukeran", dio Errazkinek.

.730.230 euro Udalaren beste inbertsio batzuetarako.

Etxeen hobekuntzarako erabili beharreko diruaren inguruan lur jabeekin akordio bat egin du Udalak. Udalak aprobetxamendurako den %10 horretatik etxaurreak hobetzeko 207.349 euro bideratuko ditu eta gainontzeko guztia aurreztuko du, 730.230 euro (115,5 milio pezeta). "Guk helburu garbi bat genuen, hobekuntzetarako erabili beharreko dirua —herritar guztien dirua— ahalik eta gutxien eta hobekien erabiltzea. Lortutako akordioari esker Udalaren beste inbertsioetarako 730.230 euro daude".

Hemendik aurrera zer?

Lehen txanda. Lehen txandan, Etxebeltz-Izarrako babes ofizialeko 154 etxebizitza zozkatuko dituzte (horietatik 7 ezinduentzako izango dira). Gainontzeko, 54ak bigarren txandan. Lehen txandarako behin betiko zerrendan 559 lagun daude.

Martxoaren 17tik udaletxeko arkupetan informazioa.

Zozkatuko dituzten babes ofizialeko etxebizitzak nolakoak izango diren argazkiak, planoak eta behin betiko zerrenda astelehenetik aurrera udaletxeko arkupetan jarriko dituzte ikusgai. "Jendeak jakiteko gero zein aukeratu nahiko lukeen", azaldu du Errazkinek.

Etxera gutuna

Behin betiko zerrendan dauden guztiei etxera gutun bat bidaliko die Udalak zozketa eguna baino lehen. "Zozketan parte hartuko duten guztiei gutun bat bidaliko zaie, zozketarako zenbakia, zozketaren prozedura, etxeen prezioak eta esleipen eredua azalduz", dio alkateak.

Apirilaren 4an, zozketa

Etxebeltz-Izarrako lehen txandako 154 babes ofizialeko etxebizitzen zozketa apirilaren 4an izango da, 18:00etan, kiroldegian.

Zozketa eta gero

Zozketa egin eta ondoren, etxebizitza tokatu zaienei etxe guztien planoak bidaliko dizkiete, "aukeratzen joateko". Ondoren, taldeka deituko dituzte zein etxe hartuko duten erabakitzeko.

Babestutako etxeak

.120.000-126.000 euro inguru. 80 metro koadro ingurukoak izango dira etxebizitza handienak, eta 120.000-126.000 euro inguru kostako dira (20-21 milioi pezeta). Garajea eta trastelekua ere badituzte.