Beñat Intxauspe, Hazparneko alkate berria

Berria.info eta Uztarria.com | Politika
2008ko mar. 9a, 21:03

Botoen %65 lortu du gaur (igandea) udal hauteskundeetan, eta Jacques Coumeti lekukoa hartuko dio; aldaketa politikoa gauzatu da

UDF zentroko alderdiko kidea da, eta abertzale batzuk ditu zerrendan; euskararen aldeko neurriak hartuko dituela esan du

Azkeneko albistea (martxoak 15). Hartu du auzapez kargua

Beñat Intxauspe da Hazparneko (Lapurdi) alkate berria, gaur (igandea) berak irabazi dituelako udal hauteskundeak. Botoen %65 lortu du. Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 80ko hamarkadatik.

Bi hautagai zeuden Hazparneko udal bozetan: Intxauspe (hautagaitza irekia) eta Jean Ondarts (eskubia), Jacques Coumet alkatearen ordezkoa. Hainbat urtez auzapez izan ondoren, berriro ez zela aurkeztuko adierazia zuen Coumetek frantziar nazionalista kontserbadoreak; UMP alderdiko kidea da.

Parte-hartze handia izan da Hazparnen gaur: %83koa. Ondartsek botoen %34,4 lortu du (1.242 boto) eta Intxauspek %65,6 (2.368). Honek gehiengo osoa lortu duenez, ez da bigarren itzulirik izango.

Intxauspe 2004tik Hazparneko kantonamenduko kontseilari orokorra da (Donamartiri, Donostiri, Lekorne, Lekuine, Makea, Meaine eta Hazparnek osatzen dute bailara). Coumeti irabazi zion orduan. Modem zentroko alderdiko kidea da Intxauspe.

Hain zuzen, hauteskundeetarako 29 laguneko zerrenda osatu du hark eta, haien artean, lau abertzale daude. Abertzaleek ez dute hautagaitza propioa sortu, aurrekoan ez bezala. 2001eko udal bozetan %11,2 (378 boto) lortu zuten. Hazparnen 5.500 lagun bizi dira.

Gaur euskal Irratietan euskaraz egindako adierazpenean, pozik agertu da Intxauspe eta hautesleak eskertu nahi izan ditu. Euskararen aldeko neurriak hartuko dituela eta euskara teknikari postu bat sortuko duela adierazi du, besteak beste.

Azkeneko albistea (martxoak 15). Hartu du auzapez kargua. Beñat Intxauspek gaur (martxoak 15) hartu du alkate kargua, Hazparneko udaletxean goizean egin duten ekitaldian.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu