Uztaro Haur Eskola handitu egingo dute, aldamenean modulo bat gehituta

Urola Kostako Hitza 2008ko ots. 25a, 10:02
Haur Eskola handitzeko modulua jarriko duten lur zatia.

Haur eskolan "gainezka" daudelako eta mementoko beharrari erantzuteko handituko dute

Martxoaren bukaerarako "eraikin berria bukatuta" izatea nahi dute Udaleko arduradunek

Uztaro Haur Eskola handitu egingo dute leku faltari aurre egiteko. Horretarako, haur eskola ondoko lur zatian aurrez fabrikatutako modulu bat jarriko dute, haur eskolarekin "pasabide" baten bidez lotuta.

Gaur egun Uztaro Haur Eskolan 0tik 3 urtera bitarteko 55 haur dituzte, baina gehiago hastekotan dira eta "gainezka" daude. "Legearen arabera, gela bakoitzean haur kopuru batek egon behar du eta lehengo haur eskola dagoeneko txikia gelditu da". Hori dela eta handitzekoa erabaki dute.

.100 metro inguruko eta lauki formako aurrez fabrikatutako modulua jarriko dute haur eskolaren ondoan. Honek bi gela izango ditu eta bi gelen artean atsedenerako beste toki bat edukiko du. "Moduluak sabaian eta alboetan leihoak edukiko ditu eta aire girotua ere izango du. Ondo bukatutako eraikin bat da. Lehen ere haur eskola behe solairu batean dago eta orain jarriko dugun eraikin honekin pasabide baten bidez lotuta egongo da".

Haur eskola handitzeko erabakia "behar bati ahalik eta azkarren" erantzuteko hartu dute. "Mementoko behar honi modulo honekin erantzungo zaio. Gero, hemendik eta urtebetera edo bira beste behar bat sortuko balitz, beste modulo bat gehitzeko aukera izango genuke".

Martxoaren bukaerarako

Haur eskolaren ondoko lur zatia hesiekin itxi du Udalak eta astelehenean lanak egiten hasiko dira. "Martxoaren bukaerarako eraikin berria bukatuta izatea nahi dugu", diote Udaleko arduradunek. 70.000 euro inguruko aurrekontua izango du moduluak berak eta horrek eskatzen duen obrak.

Bidegorrirako pasoa

Euskal Herria auzotik,Garmenditik Loiolara doan bidegorrirako oinezkoen pasoa moztuta geldituko da Uztaro Haur Eskola handitzeko jarriko duten eraikin berriarekin. Eskola handitzen dutenean, oinezkoek bidegorrira joateko eraikin berriari buelta eman beharko diote.