Hau da hau festa!

Urola Kostako Hitza 2008ko urt. 20a, 12:01
Helduen danborrada, bart, Azpeitiko plazan.

Jendez gainezka hasi dira San Sebastian jaiak

Mila lagunez osatutako helduen danborradak festa giroa alaia piztu du kaleetan

Argazki bildumak: Haurren danborrada eta helduen danborrada

Danbor hotsen oihartzunek eman zioten hasiera, bart gauean, San Sebastian bezperako jaiari. Baina Azpeitian arratsaldetik nabaria zen gau luzea bezain berezia zetorrela. Larunbata izanik, herritar eta kanpotar ugari ibili zen herriko kaleetan jai giroa arratsaldetik berotzen.

Mila lagun inguruk parte hartu zuen helduen danborradan eta herriko kaleetan zehar ehunka ikusle izan zen festa giroaz gozatzen.

San Sebastian bezperako Azpeitiko danborradak 51 urte bete ditu aurten. 21 konpainia eta OƱatzbideko gastadoreen taldea atera ziren atzo kalera, urteroko ohiturari heldu asmoz. Bi talde berri izan dira 2008ko helduen danborradari: Ziripot eta Basazabal. Biak ala biak gogoz eta ilusioz aritu ziren atzokoan, entseguetan ikasitako martxak eta doinuak jendaurrean jotzen.

Danborradako parte-hartzaileek ipinitako koloreaz gain, Azpeitiko kaleak ere apainduta ageri ziren atzokoan. Herritarrek festa girotu nahi izan dute eta Udalak ateratako maindire zuri-urdinak balkoietan eta leihoetan jarri dituzte, beste behin ere.

Talde guztiak martxan

Gauerdirako bi ordu falta zirela, konpainia guztiak euren tokietan kokatu ziren festari ekiteko prest. Landeta-Egizale, Alkartasuna, Itsasi eta Harkaitza taldeak Errebalean gora abiatu ziren. Amnistia Taldea, Arrantzaleak, Gure Ametsa eta Ardozaleak taldeek, berriz, Artetxetik Hartzubiranzko norabidea hartu zuten.

Mendizaleak, Barratsu, Zezenzaleak eta Barrenetxea taldeak Hartzubitik abiatuko dira Jose Artetxe kalerantz. Azkenik, Oilo Soro, Irrintzi, Txalintxo, Arauntza, Sanjuandegi, Izarraitz Txoko, Zokoa, Basazabal eta Ziripot taldeek Astotegiranzko bidea hartu zuten.

Olazko Amaren Plazan elkartu ondoren, denak bat eginik, herriko kaleetan zehar barreiatu zen danborrada. Parrokiako atarian egin zuten lehendabiziko geldialdia. Bertan, San Sebastian Martxa eta Soreasuko Sebastian doinuak jotzeko aukera izan zuten. Ondoren, gauerdia iristear zela, herriko enparantzan elkartu ziren danborradako parte-hartzaile guztiak.

Gauerdiko bandera igoera

Gauerdiko kanpaien doinuekin batera bandera igo zuten udaletxeko balkoian. Aurten, desberdina izan da ekitaldia, izan ere, alkateak bakarrik igo beharrean Jose Luis Frantzesena musikariak eta Itsasi taldeko kide batek igo zuten bandera.

Plazako festa bukatuta, herri osora zabaldu zen jai giroa .

Azpeitiko preso politikoak gogoan izan zituzten, plazan

Beste behin ere, danbor hotsak entzungo ez dituztenen herritarrez oroitu zen danborrada. Jabi, Txapi, Xegu, Gotzon, Paterra, Kafe, Iker, Pakea, Etxarte eta Maria Angeles euskal presoak gogoan izan zituzten plazako ekitaldian.

Mendizale taldeko Aitor Unanuek irakurri zuen atzo manifestua. "Presoen eta beraien senideen egoera oso larria da", aipatu zuen. "Eskubide guztien jabe, euskal presoek Euskal Herrian egon behar lukete. Egunerokotasunean herritar bakoitzak egin beharreko txinaurri lanak beteko ditu gure desioak. Bakoitzak bere eremuan eraginez", gaineratu zuen. "Euskal presoen eskubideak benetan eskubide izatea lortuko dugu".