100 lagun inguru "etxebizitza eskubidearen aldeko" bertso saioan

Uztarria.eus 2008ko urt. 11a, 14:01
Goiko argazkian, Xabier Silbeira eta Jokin Uranga saioko une batean. Erdikoan, Gaztetxean bildu zen jendea. Behekoan, Jon Maia atzo Gaztetxean bertsotan.

Jokin Uranga, Nekane Zinkunegi, Xabier Silbeira, Iñaki Gurrutxaga eta Jon Maia aritu ziren bertsotan atzo, osteguna, Gaztetxean

Gaur, ostirala, Zarauzko manifestaziora joateko deia egin du Azpeitiko Gazte Asanbladak

Ikusi Gazte Asanbladak aste honetan etxebizitza eskubidea aldarrikatuz burututako ekintzen argazki bilduma

Atzo (urtarrilak 10, osteguna) etxebizitza eskubidearen alde Gaztetxean izan zen bertso saioan 100 lagun inguru bildu zen. Jokin Uranga, Nekane Zinkunegi, Xabier Silbeira, Iñaki Gurrutxaga eta Jon Maia aritu ziren bertsotan. Bederatziak pasatxotan ekin zioten bertsolariek eta saio arina eskaini zuten; luzapen handiegirik gabekoa baina esanguratsua. Azpeitiko Gazte Asanbladak antolatu zuen ekimena eta saioaren aurretik etxebizitza eskubidearen aldeko Gazte Manifestuaren inguruko sinadurak jaso zituzten. Sinadura bilketaz gain, zortzietan, pintxoak eskaini zizkieten Gaztetxekoek bertan bildutakoei.

Azpeitiko Gazte Asanbladatik Zarautzera joateko deia egin dute gaur, ostirala

Gaur, ostirala, berriz, kontzentrazioak egin dituzte ikastetxe eta lantegietan "etxebizitza eskubidearen alde". Arratsaldean, aldiz, Zarautzen bilduko dira Urola Kostako gazteak. 20:00etan ekitaldia izango da Zarauzko plazan eta ondoren, musikarekin, kalejira egingo dute Putzuzulo gaztetxera. Han, 21:00etan, afaria egingo dute eta ondoren, 23:00etan, kontzertu sorpresak izango dira. Azpeitiko Gazte Asanbladak Zarauzko manifestaziora joateko deia egin du eta hara joateko autoak egongo direla jakinarazi dute: 19:00etan Etxe Zurin.