Orkatz ez bahitzea erabaki du Auzitegi Gorenak

Uztarria.eus 2007ko abe. 12a, 14:12

Epaileek diote ezin dela frogatu herriko tabernak Batasunarenak direnik

Ertzaintza iaz Orkatzen sartu zen, Gorenaren aginduz, ondasunen inbentarioa egitera

Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko salak gaur (asteazkena) erabaki du herriko tabernak ez bahitzea "une honetan", "juridikoki ezin delako frogatu Batasunarenak direnik". Horien artean dago Orkatz Azpeitiko Kultur Elkartearen ostatua.

Gorena gaur ere bilduta egon da Batasunaren ondasunak likidatzeari ekingo zion eta herriko tabernak bahitzea aginduko zuen edo ez erabakitzeko. Hamasei magistratu aritu dira horretan, Madrilen, eta aho batez hartu dute erabakia.

Herriko tabernak Batasunaren izenean ez daudela diote epaileek, norbanakoen izenean baizik, eta ostatu haien bahiketa "jabetza pribatuaren kontrakoa" litzatekeela.

Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak 2002ko apirilean 55 herriko taberna bahitzea agindu zuen, 24 milioi euro kobratzeko. Epaileak diru zor hori Batasunari egotzi zion, "kale erasoek sortutako kalteengatik". Auzitegi Goreneko sala bereziak herriko tabernetan sartzeko agindu zuen iazko urriaren 23an kaleratutako autoan, egoitzen eta ondasunen inbentarioak banan-banan egiteko. Zerrenda 120ra zabaldu zuen, baina.

Hala, Ertzaintza Orkatzera sartu zen 2006ko urriaren 25ean, ondasunen inbentarioa egitera. Tentsio une handiak bizi ziren.

Jazarpen judizialagatik Orkatz Kultur Elkarteak diru ekarpena lortzeko Benito Lertxundiren kontzertua antolatu zuen joan den urteko abendurako. Izarraitz Pilotalekuan izan zen, eta mila lagun inguru joan ziren.

Prozesua 2003. urteko martxoan abiatu zen, Goreneko 61eko salak HB, EH eta Batasuna legez kanporatzea eta desegitea erabaki zuenean. Alderdien Legea urratu zutela argudiatu, eta Alderdi Politikoen Erregistrotik hiru alderdi horiek ezabatzeko agindu zuen.

Horrez gain, Alderdien Legeak jasotzen duena betearazteko, HB, EH eta Batasunaren ondasunak likidatzeko prozesua abiatu zuen.