Maider Egigureni zazpi urteko kartzela zigorra eskatu diote

Urola Kostako Hitza 2007ko aza. 28a, 10:11

Fiskalaren zigor eskaera "Espainiako Gobernuaren gerra estrategian" kokatu du Azpeitiko Askatasunak

Maider Egigurenek bi urte eta erdi egin zituen preso, epaiketarik gabe. Iaz, utzi zuten libre, 30.000 euroko bermea ordainduta

Maider Egiguren azpeitiarrarentzako zazpi urteko kartzela zigorra eskatu du Espainiako Auzitegiko fiskalak; hala jakinarazi zuen atzo, asteartea, Azpeitiko Askatasunak. "Fiskalak zazpi urteko kartzela zigor eskaera hori egin du Maider Egigurenentzako, ETAri laguntza ematea leporatuta", azaldu dute. Zigor eskaeraren berri jakin dute, baina oraindik ez dakite noiz epaituko duten Egiguren: "Oraindik epaiketa noiz izango den ez dakigu, baina edozein mementotan izan daiteke". Maider Egigurenek bi urte eta erdi egin zituen preso, epaiketarik gabe. Iaz, utzi zuten libre, 30.000 euroko bermea ordainduta.

Askatasunaren salaketa

Azpeitiko Askatasunak Maider Egigureni fiskalak egindako zazpi urteko zigor eskaera salatu du, eta, "Espainiako Gobernuak ezker abertzalea suntsitzeko darabilen gerra estrategian" kokatu du. Askatasunako kideen arabera, "gerra estrategia" horren baitan azken hiru hilabeteetan egin dituzten atxiloketak eta zigor eskaerak sartu behar dira baita ere: "Hemen herrian bertan, Miren Odriozolarentzat egindako kartzela zigor eskaera, Mikel Zubimendi kartzeleratu izana eta oraingo honetan, berriz, Maiderren kasua". Horrelakoetan, "herri bezala erantzun beharra" dagoela gaineratu dute: "Eraso hauen guztien aurrean adi egon eta herri bezala erantzun behar dugu".

Ia hiru urte kartzelan

Egiguren 2003ko azaroaren 23an atxilotu zuen Espainiako Poliziak Arrasaten. Gero, Audientzi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen aurretik pasatu eta kartzelara bidali zuten. Epaiketarik gabe bi urte eta erdian eduki zuten espetxeratuta eta iaz, ekainean, utzi zuten libre, bermea ordainduta. Senitartekoek orduan Ziotenez, "Maiderrekin batera sumarioan zeuden lagunei bermea jarri diote, eta horrek eragin du Maiderri ere bermea jartzea".

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi) Mureten (Frantzia) preso, 350 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. Poisin (Frantzia) preso, 950 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Jose Antonio Cau Aldalur. La Santen (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2006ko ekainean atxilotu zuten.
- Garikoitz Etxeberria. (Kafe) Bonxen (Galizia) preso, 665 kilometrora. 2007ko otsailean atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.
- Mikel Zubimendi. Valdemoron (Espainia) preso, 470 kilometrora. 2007ko urrian atxilotu dute. Bergarakoa da sortzez; azkeneko pare bat urtean Azpeitian bizi zen.

Deportatuak
- **IƱaki Etxarte.** Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)