Corrugadosen leku aldaketagatik Badiolegi baserria bota egingo dute

Urola Kostako Hitza 2007ko aza. 12a, 11:11

Udalarekin egindako hitzarmenaren bidez, San Migel gainean baserria egiteko baimena izango dute

Enpresa herri sarreratik Anardi industrialdearen ondora aldatuko dute

Corrugados Azpeitia enpresa (lehengo Marcial Uzin) lekuz aldatuko dute, herri sarreratik Anardi industrialdearen ondora. Enpresaren kokapen berriak Badiolegiko baserria harrapatuko du; beraz, hori bota egin beharko dute. Hala ere, Udalak akordio baten bidez etxea San Migel gainean egiteko baimena emango die Badiolegikoei. Horretarako, Badiolegikoek, Corrugadosekoek eta Azpeitiko Udalak hirigintza hitzarmena sinatuko dute. Udal ordezkariek aho batez onartu zuten hitzarmen hori herenegun egindako udalbatzarrean.

Badiolegiko baserritarrei baserria San Migelen egiteko eman zaien baimena “salbuespeneko kasua” dela eta “ez dutela orokortzerik nahi” adierazi du Iñaki Errazkin Azpeitiko alkateak (EAE-ANV). “Hitzarmen honen bidez, Udalak San Migel gainean bi etxebizitza egiteko baimena emango die Baiolegikoei, lehen ere bi etxebizitza direlako. Baimen hori kasu berezietan bakarrik ematen da; oraingo hau herriaren interes orokorreko kasua da. Corrugados enpresaren aldaketa, alegia”. Julian Eizmendi (EAJ) zinegotziak azaldu zuenez, aurreko legealdian ere irizpide horiexek erabili izan zituzten etxebizitza berriak egiteko baimenak emateko orduan.

Orain jendaurrean

Udalbatzarrean aho batez onartu dute hitzarmena egitea, baina orain jendaurrean jarriko dute hogei egunez, inork proposamenik edota alegaziorik egin nahi badu horretarako aukera izan dezan. Behin jendaurrean egoteko epea bukatzen denean, hitzarmena sinatuko dute.

Corrugados Azpeitia enpresa Anardi industrialdearen ondora aldatuko dute, Trukutxora; hau da, Badiolegi baserriaren ondora. Dagoeneko leku aldaketa egiteko lanak hasita daude, Danona aurrean eta Azpeitia-Zestoa arteko errepidean. Bertan, bi biribilgune egingo dituzte Corrugadoseko labetik errepidera kamioien irteera errazteko, eta Danonako aparkalekua lekuz aldatuko dute. Corrugadosek Danonari lehen zuen aparkalekua erosi dio.