Azpeitian "jarraipen zabala" izan du LABek deitutako lanuzte deialdiak

uztarria 2007ko urr. 11a, 15:10
Argazkian, gaur (osteguna) plazan egin duten elkarretaratzea eta, haren behean, Landetakoa.

Azpeitiko hainbat enpresek eta komertzio askok itxi egin dute eguerdian; elkarretaratzeetan 350 bat lagun bildu dira

Arratsaldean manifestazioa egingo dute, 19:30ean

Azken albistea (urriak 12, 14:50). Mikel Zubimendi Valdemoroko kartzelara aldatu dute

LABek Euskal Herrian lanuzte deialdia egin du gaurko (osteguna), Batasunaren kontrako azken operazioa salatzeko eta "Euskal Herriarentzat marko demokratikoa" eskatzeko, eta Azpeitian deialdiak "jarraipen zabala" eduki duela jakinarazi dio LABek berak uztarria.com-i.

Lanuztea 12:00etatik 13:00etara egin dute. "Herriko hainbat enpresek itxi egin dute, horien artean handienetakoek. Komertzioetan, berriz, oso erantzun ona izan da", esan du Azpeitiko LABek.

Eguerdiko hamabietan elkarretaratzeak egin dituzte plazan eta Landetako biribilgunean, ordu erdikoak, eta denera 350 bat lagun bildu dira Errepresiorik ez! Euskal Herriak hitza eta erabakia lelopean.

"Azken operazio judizial eta poliziala azken ahalegina besterik ez da euskal independentismoa indargabetzeko, Espainiako estatuak aspalditik burutzen duen ezker abertzalearen kriminalizazio eta jazarpen estrategia barruan", dio LABen oharrak. "Dinamika honek ezker abertzalea zigortzea eta eztabaida zein egoera politikoa baldintzatzea du helburu".

Arratsalderako, Azpeitiko ezker abertzaleak manifestazioa deitua du. Plazan hasiko da, 19:30ean.

Bihar (ostirala), berriz, Hispanitatearen Egunean, EAE-ANVk du manifestazio nazionala deitua, Iruñean (17:00), Euskal Herriak independentzia lelopean, eta Azpeititik 16:00etan abiatuko da autobusa, Etxe Zuri aurretik. Ohiko lekuetan eman daiteke izena.

Azken albistea (urriak 12, 14:50). Mikel Zubimendi Valdemoro kartzelara aldatu dute. Mikel Zubimendi Batasunaren buruzagia Soto del Real espetxetik Valdemorora aldatu dute. Bi kartzelak Espainian daude. Urriaren 4an atxilotu zuen Espainiako Poliziak, beste 22 lagunekin batera, ETAren kide izatea leporatuta.

Zubimendi ez ezik, beste bederatzi kide ere espetxez aldatu dituzte. Haien artean, Imanol Iparragirre, Jon Garai, Juan Kruz Aldasoro eta Anjel Mari Elkano ere Valdemorora eraman dituzte.

Bergararra da Zubimendi, eta Azpeitian bizi da azkeneko urteetan, Sanjuandegin, neska-lagunarekin. Urriaren 5 goizean etxera ekarri zuten Espainiako poliziek, etxea miatzera.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Carlos Arruti. Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. Mureten (Frantzia) preso, 350 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. Poisin (Frantzia) preso, 950 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Jose Antonio Cau Aldalur. La Santen (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2006ko ekainean atxilotu zuten.
- Garikoitz Etxeberria. Bonxen (Galizia) preso, 665 kilometrora. 2007ko otsailean atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.
- Mikel Zubimendi. Valdemoron (Espainia) preso, 470 kilometrora. 2007ko urrian atxilotu dute. Bergarakoa da sortzez; azkeneko pare bat urtean Azpeitian bizi zen.

Deportatuak
- **Iñaki Etxarte.** Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.
Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua.