Azpeitia eta Azkoitia arteko bidegorria inauguratu dute

Urola Kostako Hitza 2007ko ira. 24a, 11:09
Asier Aranbarri Azkoitiko alkatea, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano eta Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari Jabier Zarraonandia, ostiralean bidegorria estreinatzen.

Lau kilometroko ibilbidean oinezkoen eta txirrindularien bideak bereizi dituzte

Joan den ostiralean egin zuten inaugurazio ekitaldia (Urola Kostako Hitza)

Atzo goizean, Azkoitia eta Azpeitia elkartzen dituen bidegorria inauguratu zuten Azkoitiko alkate Asier Aranbarrik, Azpeitiko alkate Iñaki Errazkinek, Gipuzkoako ahaldun nagusia Markel Olanok eta Foru Aldundiko Ingurugiro zuzendari Jabier Zarraonaindiak, udaleko hainbat ordezkarirekin batera.

Atzo inauguratutako bidegorriak, oinezkoen bidea eta bizikleten bidea bereizita ditu. Izan ere, Azpeitiko alkate Iñaki Errazkinen esanetan, "lehen ere bide honetan jende asko ibiltzen zen; gaur bertan ere ikus dezakegu zenbat jende etortzen den bide honetara paseatzera. Baina, oinez jende asko ibiltzen den arren, bizikletan ibiltzea ere suspertu beharra dago".

Bestalde, Azkoitiko alkate Asier Aranbarrik honela zioen: "Bidegorri hau hainbat erakunderen elkarlanari esker izan da posible. Bestalde, herritar asko daude lanera autoz joaten direnak, eta bidegorri hau aukera egokia izan daiteke, jendeak ohiturak aldatu, eta lanera autoz joan beharrean, bide hau aprobetxatuz bizikletan joateko".

Bidegorrian hainbat farola ere jarri dituzte, eta denboraldi batez itzalduta egon badira ere, hemendik aurrera piztuta izango dira. Horri esker, urte guztian zehar bidegorria erabiltzea posible izango dela adierazi zuen bidegorriko lanen arduradunak. Bestalde, bidegorrian zehar hainbat eserleku eta hesiak ere jarri dituztela adierazi zuten ekitaldian.

Azpeitia eta Azkoitia arteko bidegorria, Urolako ibilbide sareko finkatuenetakoa dela adierazi zuten atzoko ekitaldian. Izan ere, bidegorriari esker, Urolako Trenbidearen plataformako tarte bati beste bultzada bat eman zaio.

Dena dela, bide hori aspalditik erabiltzen zuten oinezkoek, baita txirrindulariek ere. Hala ere, hemendik aurrera bidea egokituta aurkituko dute Loiolako basilika ingurutik datozen txirrindulariek, inguru hartan kokatu baitiztuzte bidearen jarraipena adierazten duten seinaleak.

Bestalde, egindako lanei esker, inguruetako motordun ibilgailuen zirkulazioa ere arautu dute.

Bidegorri honek lau kilometroko luzera du. Hiru hilabete eta hiru aste behar izan dituzte trenbide zaharra zegoen bidea egokitzeko eta bidegorria zabaltzeko.

Lan hauek egiteko esleipen aurrekontua 1.494.762 eurokoa izan dela adierazi zuen atzoko agerraldian Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

Bidegorria estreinatuz

Azkoitiko alkateak, ahaldun nagusiak eta Foru Aldundiko Ingurugiro zuzendariak atzo bertan estreinatu zuten bidegorria. Ekitaldia amaitu bezain laster, bizikleta gainera igo eta bidegorriko zati bat egin zuten bizikleten gainean.

Atzoko inaugurazioa ez zen, ordea, kasualitatea izan, aste honetan Mugikortasunaren Astea ari baitira ospatzen Europan.

Horren harira, Olanok azaldu zuenez, "gaur egun arazo larria dugu Gipuzkoako errepideetan, errepide guztiak beteta baitaude. Garraiobide alternatiboa bultzatu behar da. Pixkanaka, kultura aldatu behar da eta, herritarrak kontzientziazeaz gain, bideak eskaini behar zaizkie ohitura berri horiek aurrera eraman ahal izateko".