"Errepresioaren aurrean" mobilizatzera deitu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak

Uztarria.eus 2007ko ira. 20a, 14:09

Miren Odriozola Udalbiltzako kideak duen kartzelaratzeko arriskua salatu dute

Bihar, ostirala, kontzentrazioa egingo dute anbulatorio aurrean, 19:30ean

"Azken asteotan jasandako errepresio egoeren aurrean" mobilizatzera deitu du Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Udalbiltzaren aurkako zigor eskaera ikusi dute "errepresio bide" gisa eta gogor salatu dute auzi hori dela-eta Miren Odriozola Udalbiltzako kide eta Habeako zinegotzi ohiaren aurka egindako hamar urteko kartzela eskaera. Fiskalak ETAko kide izatea leporatuta, 10 eta 15 urte bitarteko kartzela eskaerak egin ditu Udalbiltzako kideen kontra.

"Olanoren espetxeratzea, Udalbiltzaren, aurkako zigor eskaerak, ANVri jarritako diana errepresiboa, debekuak eta polizia bortizkeria" jo ditu mugimenduak Euskal Herriaren aurkako ekimen errepresibo moduan. "Euskal Herriaren kontra eta Espainiaren proiektua inposatzen jarraitzeko plana zehaztu dute PSOE eta PNVk".

"Errepresio" horren aurrean, Euskal Herriarentzat antidotorik eraginkorrena "Amnistia eta Askatasunaren aldeko borroka" direla uste dute. Hala, bihar, ostirala, hori guztia salatzeko mobilizazioak deitu ditu Amnistiaren Aldeko mugimenduak Euskal Herriko herrietan. Azpeitian, Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deituta, 19:30ean kontzentrazioa egingo dute anbulatorio aurrean Errepresiorik ez! Aski da! lelopean.