Festetan ere presoak-eta gogoan

Uztarria.com 2007ko uzt. 30a, 13:07
Presoen-eta alde gaur goizean plazan egindako elkarretaratzea.

Txupinazoaren aurretik elkarretaratzea egin dute plazan; asteazkenerako ere elkarretaratzea deitu du Etxeratek; 10:00etan, Loiolan

Azken albistea (uztailak 31, 14:00). Iparragirre Bois D'Arcy kartzelan sartu dute

Urtero bezala, presoen eta deportatuen alde Etxean nahi ditugu lelopean, elkarretaratzea egin dute gaur (astelehena) plazan, Etxerat-ek deituta, txupinazoaren aurretik. Hala, festetan ere herriko presoak eta deportatuak gogoan izan dituzte haien senide eta lagunek, Etxean nahi ditugu lelopean.

Abuztaren 1ean (asteazkena), San Inazio bigarrenez, lelo berarekin, elkarretaratzea deitu dute 10:00etarako. Orduan, Loiolako Basilikaren aurrean bilduko dira.

Azpeitiar presoak, deportatuak eta atxilotutakoa


- Juan Carlos Arruti. Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.050 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. Mureten (Frantzia) preso, 349 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. Poisin (Frantzia) preso, 951 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Jose Antonio Cau Aldalur. La Santen (Frantzia) preso, 911 kilometrora. 2006ko ekainean atxilotu zuten.
- Garikoitz Etxeberria. Bonxen (Galizia) preso, 665 kilometrora. 2007ko otsailean atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 911 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu dute.
- Juan Manuel Bereziartua. Venezuelan daukate deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.
- **IƱaki Etxarte.** Kuban deportatuta.

Azken albistea (uztailak 31, 14:00). Iparragirre Bois D'Arcy kartzelan sartu dute. Uztailaren 30ean eraman zuten Iker Iparragirre Laurence Le Vert epailearen aurrera, Parisen, eta honek Bois D'Arcy Parisko kartzelan sartu zuen. Beste bi atxilotuak ere espetxera bidali zituen: Juan Cruz Maiza Artola La Santera eta Galder Bihotz Cronago Arnaez Fleuryra.

Besteak beste, helburu terroristak dituen gaizkile talde bateko kide izatea, lehergaiak egiteko materiala edukitzea eta erabiltzea, dokumentuak faltsutzea eta autoko matrikula faltsuak erabiltzea egotzi dizkie hiru euskal herritarrei.

Frantziako Justiziak epaituko ditu hirurak. Hala ere, baliteke Iparragirre eta Cornago Espainiaratzea. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak hirurak atxilotzeko euroagindua emana zuen.