Aguilera Sojoren obrak ikusgai daude udaletxeko beheko aretoan

Uztarria.eus 2007ko uzt. 19a, 15:07
Aguilera Sojo, Azpeitiko armarria gai duen margolanaren ondoan.

Venezuelar artista margolanean petrolio minerala eta begetala erabiliz egiten dituen bakarra da munduan

Uztailaren 30a bitartean egongo da artelanak ikusteko eta erosteko aukera

Oscar Jose Aguilera Sojo Ojas ezizenaz ezaguna den margolari venezuelarra Azpeitian da egunotan. Atzo (uztailak 18, asteazkena), udaletxeko beheko solairuan dagoen erakusketa aretoan, aurkeztu zituen lanak. Margolanak petrolio minerala eta begetala erabiliz egiten dituen bakarra da munduan. Haren lanak gaurtik uztailaren 30era bitartean izango dira ikusgai eta salgai.

Aguilera Sojok 30 urte inguru daramatza Venezuelako PDVSA petrolio konpainian lanean eta konpainia hori da ekimen honen finantziabidea. Mundu osoan 160 erakusketatik gora egin ditu artista venezuelarrak.

Rotaris Internacional programarentzako Gipuzkoan jaso zuten diru laguntza nolabait eskertzeko asmoarekin ekarri du erakusketa Azpeitira Aguilerak. Erakusketako margolanek Azpeitia dute ardatz eta Oscar Jose Aguilerak "hemengoentzat eginak direla eta hemen geratzea" nahi duela esan du.

Azpeitiarren ondorengoa

Aguilera Sojo beste kide batzuek lagunduta etorri da Azpeitira. Horietako bat, Nancy Fernandez, Azpeitiko Enparandarren ondorengoa da. Inazio Artetxe historiagilea Bizente Enparani buruzko liburua idazten ari zela Fernandezekin harremanetan jarri zen eta harreman horretatik abiatuta, duela lau urte, etorri zen lehen aldiz, Azpeitira. Orain, Aguilera Sojo margolariarekin batera etorri da.