Politikari liberatuen soldatak jaitsi ditu udal gobernu berriak

Uztarria.eus 2007ko uzt. 7a, 19:07
Alkatea eta zinegotziak gaur, udaletxean, udalbatzarrean.

Hiru liberatu eta laurden egotea erabaki dute, batzordeburuak izendatu dituzte eta beste erakundeetako ordezkaritzak zehaztu

Gaur egin dute legealdiko aurreneko udalbatzarra

Batzorde bakoitza osatuko duten kideen zerrenda osoa hemen

Gaur (uztailak 7, larunbata) egin dute Azpeitian udal gobernu berria eratu ondorengo aurreneko osoko bilkura. Ekainaren 16ko akta onartu dute lehendabizi eta legealdirako Udalaren eraketa eztabaidatu dute jarraian. Ekainaren 16an izan zen udal ordezkarien kargu-hartze ekitaldian "Iñaki Errazkin (EAE-ANV) alkate":http://www.uztarria.com/albistiek/1181992067 izendatu zuten, EAE-ANVren beraren, EAren eta EB-Aralarren botoekin. Ekainaren 22an aurkeztu zuten hirurek gobernu akordioa.

Udal Gobernua osatzen duten alderdietako ordezkariek adostuta, hiru liberatu eta laurden izango dituzte zinegotzien artean. Errazkin alkatea %100ean liberatuko da, Xanet Esnaola (EAE-ANV) ere bai, eta Manuel Unanuek (EA) ere liberazio osoa izango du. Mikel Ibarzabal (EA) da laugarren liberatua; %25eko liberazioa izango du. Alkateak jakinarazi du aurreko legealditik alderatuta liberatuen soldatak jaitsi egingo dituztela, akordioan adostu bezala. EAE-ANVko liberatuek urtean 30.910 euroko soldata gordina izango dute. Unanueren kasua, eta aurreko urteetan zuen soldata ikusita, 44.943 euroko soldata gordina izango du urtean; joan den legegintzaldian 51.181 euro kobratzen zituen. Ibarzabalek 677 euro garbi kobratuko ditu hilean. Udal gobernuaren erabakia izan da hori.

EAJri "desproportzionatua" iruditu zaio liberatuen gainean hartutako erabakia. “Gurea baino oposizio talde handiagoa ez dago izaterik eta, horren arabera, %25eko liberazioa gurea izango zela espero genuen”. Udal gobernua osatzen duten alderdietako ordezkari guztiek alde botatu dute, eta EAJ abstenitu egin da.

Batzorde bakoitzerako EAJko hiru kide izendatu dituzte; EAE-ANVko bi; EAko bat eta EB-Aralarrek ere kide bat izango du. Orotara, 11 batzorde izango dira.

Batzordeburuak

Hirigintza eta Ingurumena. Iñaki Errazkin (EAE-ANV).
Industria eta Merkataritza. Iñaki Errazkin (EAE-ANV).
Zerbitzu orokorrak eta Baserriak. Xanet Esnaola (EAE-ANV).
Langileria eta Antolakuntza. Xanet Esnaola (EAE-ANV).
Kultura eta Gazteria. Leire Lazkano (EAE-ANV).
Euskara eta Hezkuntza. Arantxa Isart (EAE-ANV).
Parekidetasuna. Leire Ibarguren (EAE-ANV).
Ogasuna. Manuel Unanue (EA).
Kirola. Manuel Unanue (EA).
Festak. Mikel Ibarzabal (EA).
Gizartekintza. Juan Karlos Arellano (EB-Aralar).

Beste erakunde publikoak

Urola Erdiko Mankomunitea. Horko ordezkari, Errazkin eta Unanue proposatu ditu gobernuak. EAJk emendakin bat egin dio alkateari, ordezkari Julian Eizmendi eta Unanue izan daitezen. "PIGRUG egitasmoaren alde aritu gara lanean. Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu du egitasmoa eta helburu hori aurrera eramateko ordezkari Unanue eta biok izatea proposatzen dugu" azaldu du Eizmendik berak. Alkateak "beharrezkoa" iritzi dio gobernuak bere gain hartzea Urola Erdiko Mankomunitatearen ardura eta Unanuek eta b iek hartuko dute kargua, gobernua osatzen duten ordezkariek hala erabakita.
Azpeitiko Euskara Patronatua. Abstenitu egin da EAJ osaketan. Gobernukoek dute gehiengoa.
Azpeitiko Kirol Patronatua. Absnetitu egin da EAJ. Gehiengoa gobernukoek daukate.
Azpeitia Lantzen. EAJk gobernu proposamenaren kontra bozkatu du. Bost ordezkarik osatuko dute Azpeitia Lantzen: bi EAE-ANVrenak izango dira, eta bana izango dute EAJ, EA eta EB-Aralarrek. EAJk esan du hori ez dela "demokratikoki eta proportzionalki jokatzea". Errazkinek erantzun dio ez duela EAJk gehiengorik: "Gobernu honek ere lan egin behar du eta Azpeitia Lantzenen kasuan politika aberatsa dugu eskuartean. Ordezkatzen duzuena errespetuz hartzen kontuan dugu, baina demokratikotasuna plenoak ematen du. Zerbait aldatu behar bada, gehiengoak aldatu beharko du".
Iraurgi Lantzen. Iraurgi Lantzeni dagokionez, batzordea izango da organu, nagusia eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalbatzek osatuko dute. Datorren asteartean egingo dute batzordeko bilera eta han erabakiko dituzte ordezkariak.