Azpeitia ez da GR-12 bertso txapelketako finalera sailkatu

Uztarria.com 2007ko eka. 18a, 20:06

Zumaia 66-51 nagusitu zaio finalerdian, Lasarte-Orian

Beñat Lizaso, Iosu Oiartzabal Xenpelar eta Haritz Etxeberria Ministro izan dira azpeitiarren ordezkariak

Azpeitiko taldea GR-12 bertso txapelketako finalaren atarian geratu da, Zumaiak kanporatu egin duelako finalerdian.

Hiru tabernetan abestu zuten Zumaiak eta Azpeitiak larunbatean, Lasarte-Orian, eta aurrena izan zen irabazlea; 66 puntu lortu zituen eta Azpeitiak 51. Entzuleak dira GR-12n saioak epaitzen dituztenak.

Beñat Lizaso, Iosu Oiartzabal Xenpelar eta Haritz Etxeberria Ministro bertsolariak izan ziren azpeitiarren ordezkariak. Zumaiarrenak: Unai Guijarro, Maialen Velarde eta Joxe Joakin Aizpurua. Lizasok 15-23 galdu zuen Guijarroren kontra, Oiartzabalek 14-22 galdu Velarderen aurka eta Etxeberriak 22-21 irabazi zion Aizpuruari.

Zarautzen jokatuko dute GR-12 bertso txapelketako finala, uztailaren 20an. Beste finalista zein izango den erabaki gabe dago; ostiralean jokatuko dute Lesakan Oiartzunek eta Zarautzek.