Eguneko zentroak lau lagun gehiagorentzat lekua izango du

Urola Kostako Hitza | Gizartea
2007ko mai. 27a, 12:05

Foru Aldundiak eta Bistaeder eguneko zentroak sinatu duten hitzarmenaren ondorioz izango da leku gehiago

Eusko Jaurlaritzak 414.676 euro bideratuko ditu horretarako (Urola Kostako Hitza)

Gipuzkoako Foru Aldundiak Azpeitiko Bistaeder eguneko zentroarekin hitzartuta duen leku kopurua handitu du: hemendik aurrera, asteburuetan eta jaiegunetan lau lagun gehiagorentzat lekua izango da. Ondorioz, zentroak astelehenetik ostiralera 30 lagunentza lekua eskainiko du, orain arte bezala, eta jaiegunetan, berriz, 22 lagunentzat.

Hau guztia Eusko Jaurlaritzak hitzartutakoa da, eta erakundeak 2007an 414.676 euro bideratuko ditu plaza hauek mantentzera.

Eguneko zentro hau agintaldi honetan berritu dute; 2005 urtearen amaiera aldera, handitutako zentro horren instalazioak inauguratu zituzten. Berrikuntza hauek egin ostean, 14 lagunentzat lekua izatetik 30 lagunentzat izatera pasa zen.

Eraberritze hauek egiteko 91.811 euroko inbertsioa egin zen, eta %75 Foru Aldundiak jarri zuen. Gainontzekoa Az-peitiko Udalak ordaindu zuen.

Adinekoei laguntzeko

Bistaeder eguneko zentroa, 207 metro koadroko zabalera duen lokal batean kokatuta dago, eta honela dago banatuta: hiru gela hainbat ekitaldietarako, bi bainu geriatriko, egokitutako bi komun, bulegoa, aldagela eta langileentzat komuna.

Adinekoei zuzendutako baliabidea da zentroa. Hain zuzen ere, eguneroko bizimoduko jarduerak egiteko laguntza behar dutenentzat.

Zentroaren erabiltzaileak beraien etxeetan bizi dira, eta zentroak baliabide garrantzitsuak eskaintzen dizkie elkarbizitza hori errazteko. 09:30etik 17:30era egoten da zabalik, eta hainbat zerbitzu eta programa eskaintzen dizkie adineko lagunei.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu