Hizkuntza Eskubideen Egunak deialdi bikoitza izango du

Uztarria.eus 2007ko api. 27a, 17:04
EHEkoak atzo, prentsaurrekoan. Herriko eragileen babesa jaso zuten.

Euskal Herrian Euskaraz-ek Udalari UEMAn sartu dadila eskatu dio

Maiatzaren 6an izango da Azpeitian; bezperan Atarrabia eta Burlatan manifestazioa egingo dute, bertako udalek jarritako debekuengatik

Aurtengo Hizkuntza Eskubideen Egunak (maiatzaren 6an izango da) deialdi bikoitza izango duela jakinarazi zuten atzo (ostirala) Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeko kideek Aitonenan egin zuten aurkezpenean. Egunaren antolatzaileek azaldu zuten hasiera batean hizkuntzen aldeko eguna Atarrabian ospatzeko asmoa zutela. Herri horretako Udalak, ordea, debekua jarri zuen. "Atarrabiako Udalak jarritako debekuak Burlatan saiatzera eraman gintuen. Burlatako Udalak ere debekua ezarri zigun", azaldu zuen EHEko kide Unai Larreategik. Debeku horiek tarteko, Azpeitian egingo da Hizkuntza Eskubideen Eguna.

Hori dela-eta, deialdi bikoitza izango du egunak: maiatzaren 5ean Atarrabia eta Burlatako (Nafarroa) udaletxeen aurrean manifestazioak egingo dituzte, eta maiatzaren 6an (igandea da) izango da Hizkuntza Eskubideen Eguna Azpeitian.

Azpeitian ere euskaldunon hizkuntz eskubideen alde "egiteko asko" dagoela azaldu zuten, eta azken hilabete hauetan hizketa gai izan den udal ordenantzei aipamena egin zioten. "Erdaldunen hizkuntza eskubideak aski bermaturik dauden bitartean, Azpeitian euskaldunon hizkuntza eskubideak urraturik jarraitzen dute: osasun etxean, epaitegian… eta baita Udalaren hainbat esparrutan ere" diote. Ildo beretik, "udalek, herritarrengandik gertuen dauden instituzioak izanik, ofizialtasunaren eta euskararen normalkuntza prozesuan jokatzen duten papera" azpimarratu zuten. Horregatik Udalari eskatu zioten ordenantza "irmoki manten dezan" eta bertako "neurri guztiak gara ditzan".

Bide batez, eta Azpeitia "herri euskalduna dela eta baldintza soziolinguistiko guztiak betetzen" dituela argudiatuta, EHEk Udalari Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) sar dadila eskatu dio. "UEMAk gune euskaldunetan euskararen erabilera arlo sozial guztietara zabaltzea eta udal euskaldun guztiekin euskara nagusi izango den lur-gunea antolatzen dihardu", azaldu zuen Iñaki Martinez Azpeitiko EHEko kideak.

Aipatu bezala, deialdi bikoitza izango du aurtengo Hizkuntza Eskubideen Egunak eta ondoko egitaraua izango du:

Maiatzaren 5ean

Manifestazioa 17:30ean Atarrabiako udaletxe aurretik Burlatako udaletxera atarira.

Maiatzaren 6an Azpeitian

10:30 Diana dultzaina joleekin eta suziriak.

11:00-14:00 / 16:00- 18:30 Euskaraz Bizi gunea. Plazan. Bertan, euskalgintzaren materiala eta egitasmoez gain, hainbat erakusketa izango dira ikusgai. Era berean, gune honetan haurrentzat jolasak, tailerrak eta gaztelu puzgarriak egongo dira.

11:00-13:00 Hizkuntza Eskubideen IV. Nazio Bilkura. Sindikatu Zaharrean edo Aitonenean. Gai nagusia: Hizkuntza eskubideak udalerrietan.

13:00 Manifestazioa Euskara ofiziala herri guztietan- Euskal Herrian lelopean. Plazatik abiatuta.

13:30 Ekitaldi nagusia. Plazan. Azpeitian euskararen normalizazio osoa lortzeko aldarrikapenak eta erronkak plazaratzearekin batera, EHEk irakurketa orokorra zabalduko du.

14:30 Herri bazkaria. Azoka Plazan. 500 lagunentzat. Gorde daitezke txartelak. Bazkalostean kantu giroa egongo da.

17:30 Dantzaldia. Tximeleta taldearen eskutik. Dantzaldiaren ondoren, Tuboskapi eta Stierkools taldeek kontzertua eskainiko dute. Plazan.