Igandean hasiko dira asteburu musikalak

Urola Kostako Hitza 2007ko api. 20a, 12:04

Uztailaren 15a arte astebururo izango dira

Herriko eta kanpoko taldeek parte hartuko dute

(Urola Kostako Hitza)

Apirilaren 22an, datorren igandean, Udal Musika Bandaren kontzertuarekin emango zaie 2007ko Asteburu Musikalei hasiera. Apirilean hasi eta uztaila arte iraungo dute musika ekitaldi hauek. Larunbat eta igandeetan ez ezik, ostiral eta ostegunetan ere izango dira ekitaldiak. Gehienak udaletxeko arkupeetan izango badira ere, badira parrokian, tabernatan zein Betharramdarretan izango diren saioak ere. Parte-hartzaileen artean, berriz, Azpeitiko eta kanpoko taldeak daude.

Apirileko kontzertuak

Apirilaren 22an Azpeitiko Udal Musika Bandaren kontzertua izango da udaletxe azpian, 13:00etan. Hilaren 28an Izarraitz txistularien kontzertua izango da 19:30ean, toki berean. Igandean, 29an, berriz, Kitarra Taldearen emanaldia izango da udaletxe azpian, 19:30ean.

Elvisabuelo maiatzean

Maiatzean apirilean baino aukera zabalagoa izango da. Maiatzaren 12an, esaterako, Elvisabuelok, Elvisen kantuen bertsioak egiten dituen azpeitiar taldeak, 22:30ean emango du kontzertua. Berrikuntzen artean, Piano bat bertsotan emanaldia ere izango da Saskibaloiko tabernan, maiatzaren 18an, 22:30ean. Perkusio talde, musika eskola, koru eta orkestren emanaldiak ere badaude maiatzean.