Manuel Unanue izango da EAren zerrendaburua

Uztarria 2007ko api. 18a, 15:04
Manuel Unanue, udaletxean.

Zortzi urte egin ditu zinegotzi, bi alditan

EA bakarrik aurkeztuko da aurten

Manuel Unanue izango da EAren zerrendaburua maiatzaren 27an Azpeitiko udal hauteskundeetarako. EAk joan den urriaren 17an hartu zuen erabakia zerrendako lau lehenak gaurko lau zinegotziak izateko (Unanuez gain, Mikel Ibarzabal, Kontxita Martija eta Kandido Mitxelena) eta, uztarria.com-ek egiataztu duenez, Unanue izango da buru; beste hirurak hurrengo tokietan joango dira, hurrenez hurren.

Aurreko hauteskundeetan (2003an) ere aurkeztu zen Unanue. Orduan, EA EAJrekin koalizioan aurkeztu zen eta Unanue bigarren tokian joan zen. Aurten, maiatzeko hauteskundeetan, EA bakarrik aurkeztuko da.

Azpeitian azken urteetan, ugal gobernuan elkarrekin egon arren, EAJren eta EAren artean desadostasun garrantzitsu batzuk izan dira: San Martin zaharren egoitzaz, arau ordezkatzaileez edota Loiola aldeko etxeez.

Unanue beste legealdi batean ere izan zen zinegotzi: 1987-1991n. EA bakarrik aurkeztu zen orduan (sei zinegotzi lortu zituen) eta oposizoan egon zen.

Azpeitiko beste zerrendaburuak

EAJ. Julian Eizmendi.
PSE-EE. Manoli Uranga.
Aralar-EB. Juan Carlos Arellano.
PP. Julia Tercero.
Ezker abertzalea. Oraindik ez dute ezer jakinarazi. ASB erregistratu zuten eta hautes plataforma osatzeko sinadurak biltzen ari dira.