Ezker abertzaleak herrian "EAJren alternatiba" dela dio

Uztarria.com 2007ko mar. 24a, 17:03
Ezker abertzalearen batzarreko une bat.

Maiatzeko udal hauteskundeei begira ardatz nagusiak aurkeztu ditu: azpiegiturak eta parte-hartzea

Betharrametan 125 lagun bildu dira batzar berezian

Azpeitiko ezker abertzaleak maiatzeko udal hauteskundeei buruzko batzar berezia egin du gaur (larunbata), Betharrametan, Badator Azpeitia berria izenarekin, eta 125 lagun bildu dira bertan. "Ezker abertzalea egon egongo da hauteskundeetan, apustu garrantzitsua egingo du, eta bere sendotasuna erakutsiko du" esan du prentsa ohar bidez. "Azpeitian EAJren benetako alternatiba gara".

Udalera begira dauzkan ardatz nagusiak aurkeztu ditu.

Azpiegiturak

Eduki aldetik datorren legealdira begira ezker abertzalearen programaren "bizkarrezur nagusia" azpiegiturak izango dira: etxebizitza, industria... "Etxebizitza arloan orain arte EAJren politika etxe tasatuetan oinarritu da, etxebizitza pribatuen aldeko apustu garbia eginez. Ezker abertzaleak babes ofizialeko etxeen alde, tasatuak beraiek babes ofizialekoen pare jartzearen alde eta alokairu sozialaren alde egingo du, besteak beste". EAJk eta EAk Loiolaldean egin nahi dutena "zoramena" dela uste du ezker abertzaleak, eta ez dagoela han etxeak egitearen beharrik, "herrian bertan datozen urteetarako badagoelako aukerarik eskaerari erantzuteko".

Industriari dagokionez, "industriaguneak erabiltzearen aldeko apustua" egiten du; Larreko eremua kasu, "alferrik galtzen ari direlako".

Parte-hartzea

Herritarren parte-hartzea benetan sustatu nahi duela esan du ezker abertzaleak, herrian sortuta dauden guneak eta mahaiei funtzionalitate eta erabakimen handiagoa emanez. Haren ustez, EAJk "itxura egiteagatik" sortu ditu azkeneko urteetan gune horiek (Euskararen Aholku Batzordea, Kultur Mahaia...).

Batzarrean herritarrek ekarpenak egin dituzte eta "herri programa osatzeko balioko dute".

Gaur ez dituzte jakinarazi ezker abertzalearen hautes zerrendak, ezta hautes izena ere.